Sidenorreko lan gatazka

Sidenor enpresako Azkoitiko langileek manifestazioa egingo dute larunbatean

Ane Olaizola 2026ko maiatzaren 21a

Sidenorreko langileen manifestazioa, martxoan, enpresak Reinosako lekualdatzearen berri eman ostean. (Ane Olaizola)

ELA eta LAB sindikatuek manifestazioa deitu dute larunbaterako, Sidenorreko Azkoitiko langileek azken hilabeteetan "sufritu duten egoera" salatzeko asmoz. Besteak beste, erakunde publikoen babesa galdegingo dute lantegiaren aurrean hasi eta plazan amaituko den mobilizazioan. 

ELA eta LAB sindikatuek manifestazioa deitu dute etzirako —larunbata— Sidenor enpresako Azkoitiko lantegiko beharginek azken hilabeteetan "sufritu duten egoera" salatzeko asmoz. 11:00etan hasiko da mobilizazioa lantegiaren aurrean, eta bi ordu beranduago amaitzea aurreikusten dute, herriko plazan. 

Enpresak Azkoitian duen lantegiko 250 beharginetatik 34 Reinosako lantegira (Espainia) lekualdatzeak sortu duen gatazkaren ondorioz egingo dute larunbatean manifestazioa. Izan ere, bi sindikatuek gogoratu dute Sidenorrek 28 langile "kaleratu" dituela hara ez joatea erabakitzeagatik —hark ukatu egin du inor kaleratu duenik—, eta prest agertu diren gainontzeko lauek hara joan beharko dutela.

Horrez gain, Azkoitiko lantegiaren etorkizuna "kinka larrian" ikusten duela adierazi dute sindikatuek. Horren aurrean, erakunde publikoen babesa eskatuko dute langileek protestaren bidez. 

Aste honetan bertan, "isilik" igaro diren "kaleratzeen" aurrean, Sidenorreko bi langile ohik beren testigantza eman diote Gukari. Han adierazi zuten, besteak beste, orain arte ez dutela beren aldeko "keinu txikienik ere" jaso. 

Duela bi hilabete, azkena

Bestalde, bi sindikatuek deituta, ehunka lagunek martxoan beste manifestazio bat egin duten herrian, Sidenorreko Azkoitiko lantegiko beharginen eskubideen defentsan. 2024tik iraungita duten hitzarmen "duina" aldarrikatzeko deitu zuten mobilizazioa, baina bestelako norabide bat hartu zuen gero protestak, enpresak aste honetan bertan iragarri baitzuen Azkoitiko laminazio trenaren ekoizpena etengo zuela eta hango 36 langile Reinosako lantegira (Espainia) lekualdatuko zituela. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide