Sidenorreko lan gatazka

"Behe laino baten gisan desagertu gara"

Ane Olaizola 2026ko maiatzaren 20a

Sidenorren Azkoitiko lantegia. (Andoni Elduaien)

Sidenorrek aukeratutako 28 beharginek uko egin diote Reinosan lanean hasteari, eta ondorioz, kontratua eten die enpresak. "Isilik" igaro diren "kaleratzeen" aurrean hitz egin nahi izan dute langile horietako bik.

"Sidenorreko 28 langilek enpresa utzi dugunetik, ez da gure aldeko keinu txikienik ere egon, ez Azkoitiko plazan, ez tailerraren aurrean, ez inon. Behe laino bat bezala, oharkabean, desagertu egin gara". Hala sentitzen dira Sidenorreko langile ohi Aitor eta Iñaki lantegia utzi berritan –asmatutako izenak dira–. Enpresak altzairuaren laminazio trenen ekoizpena Reinosako lantegian (Espainia) bateratzeko erabakia hartu ondotik, 32 behargin bideratu nahi izan ditu Sidenorrek Azkoititik hara. Beren borondatez joateko prest agertu diren lau langile kenduta, gainontzeko 28 langileek uko egin diote lekualdatzeari, eta horietako bi dira Gukarekin hitz egin dutenak. Beste 26rek bezala, hemezortzi hilabeteko ordainsarien kalte ordainaren truke, kontratua eten dute. Ez dute beren izena eman nahi izan, akordio horretan sinatu baitute ezin dutela enpresaren kontrako adierazpenik egin publikoki. Dena den, "isilik" igaro den Sidenorreko azken aferaren aurrean, beraiek ez dute hala egoterik nahi, eta azken asteetan bizi izan dutenaren berri eman nahi izan dute.

Sidenorren Azkoitiko langileak Reinosara lekualdatzeko negoziazio prozesua amaitu orduko jaso zuten biek ala biek enpresaren jakinarazpena. "Niri, behintzat, enpresak eta sindikatuak azken bilera egin orduko deitu zidaten, bilera hartan zer hitz egin zuten oraindik ezer jakin gabe. Reinosan hasi behar nuela lanean esan zidaten, eta bi aukera nituela horren aurrean: enpresaren eskaintza onartu edo, bestela, kalte ordaina jasota kalera joan", dio Aitorrek. Enpresaren jakinarazpena jaso orduko amaitu zen haren lana Azkoitiko lantokian, erabakia hartzeko berez bost eguneko epea bazuen ere: "Nire gauzak har nitzakeela esanda, etxera bidali ninduten. Oso hotza izan zen, tristea".

Hura aurrez Azkoitiko Tren Handian lan egindakoa da, baina Iñaki ez, eta beharbada horregatik, azken horrek ez zuen espero Reinosara bidaliko zituzten langileen zerrendan egotea. "Enpresak zerrenda atera aurretik zurrumurru asko zeuden tailerrean. Esaten zuten 50 urtetik beherakoak lekualdatuko gintuztela, eta Azkoitian 55 langile geunden adin horretara iristen ez ginenak. Beraz, Reinosara bideratzeko aukera dezente nuela pentsatzen nuen, baina, aldi berean, ikusten nuen nire lanpostu berean langile gutxi geundela, beharko nindutela hemen. Kolpea jaso nuen Reinosara joan behar nuela esan zidatenean".

"Kezkaz eta penaz" jaso zuten biek ala biek enpresaren jakinarazpena, baina Sidenorrek Reinosara joateko hainbat pizgarri eskaini izanagatik, ez zuten zalantzarik egin: "Langileak Reinosara eramatea mugimendu ez traumatikotzat jo du enpresak, baina niretzat, behintzat, ez da oso bideragarria guztia hemen utzi eta inongo loturarik ez dudan leku batean noiz arte jakin gabe lanean hastea. Gauza batzuk ez dira diruarekin konpentsatzen", dio Aitorrek. Iñakik, bere aldetik, seme-alabak ditu, eta hark ere "garbi" zuen ez zela Kantabriako udalerri horretara bizitzera joango. "Ezingo nuke familia osoa hemen utzi eta hara joan; oso-oso gaizki pasatuko nukeen". Sidenorrek inor ez duela kaleratu esan arren, hori ez dela horrela diote bi langile ohiek: "Ikuspuntu kontua izango da, baina gure ustez, kaleratu egin gaituzte: Reinosara edo kalera, hori izan dugu mahai gainean, beste proposamenik jaso gabe".

Aitorren hitzetan, "ezinegon handiko asteak" izan dira enpresan igaro dituen azkenak. "Zurrumurru asko eta desinformazio handia egon dira, eta horrek langileok psikologikoki lermatu egin gaitu. Batzuek besteek baino okerrago eraman dute kontua, bakoitzak etxean duen egoera desberdina delako".

"Mendeku" nahia

Bestalde, enpresak kalte ordainaren bidez "gozoki ederra" eskaini diela ere adierazi dute bi lagunek, baina horretara iritsi aurretik, Sidenorrek beste hainbat aukera ere bazituela azpimarratu dute. Besteak beste, Azkoitiko lantokian jubilatzear dauden langile "asko" daudela diote, aurretiazko jubilazioa edo erretiroa har zezaketenak. "Ordea, tematu egin dira lekualdatzearekin, ez dute beste erabakirik hartu nahi izan". Iñakiren ustetan, Sidenorren helburua da Azkoitiko lantaldea murriztea, eta azken gatazka honek lotura du 2024tik iraungita duten hitzarmenaren aferarekin.

Izan ere, hark gogoratu du iaz hitzarmena berritzeko Sidenorrek mahai gainean jarri zuen azken proposamena ez zutela onartu gehiengoa duten ELA eta LAB sindikatuek, eta ondorioz, negoziazio mahaia itxi egin zuela enpresak. Horren aurrean, zuzendaritzak "mendekua hartu" nahi izan duela azpimarratu dute bi langile ohiek: "Azkoitiko lantegia zigortu nahi izan du". Izan ere, Reinosan lanean hasteko deia jaso duten 28 langileek 50 urte baino gutxiago dituzte, eta orain, horiek guztiak langabeziara joanda, lanean jarraitzen dutenen batez besteko adina 54 urtekoa izango da. Zentzu horretan, "etorkizun gutxi" ikusten diote Azkoitiko tailerrari, eta egoera hori zuzendaritzak hura ixteko duen "planaren" barruan kokatu dute. "Gainera, ikusi dugu erakundeen aldetik ez dagoela inongo bultzadarik langile gazteekin Azkoitiko lanpostuei eusteko. Sentitzen dugu horiek bizkarra eman digutela, onartu egin dutelako enpresaren jarrera". Haiena ez ezik, Azkoitiko lantegian ordezkaritza duten CCOO, UGT eta USO sindikatuek azken urteetan izan duten jarrera ere gaitzetsi dute bi langile ohiek, langileen interesak defendatu beharrean enpresari "men egin" diotelako. Enpresak Reinosarako zerrenda egiterakoan horrek eragina izan duela adierazi du Iñakik: "Zuzendaritzak esan digu langileen antzinatasuna kontuan hartu dutela zerrenda egiterakoan, baina enpresara ni baino beranduago sartu ziren batzuek bertan jarraitzen dute, zuzendaritzaren lagun diren sindikatuetako gertukoek".

Agerikoa da Azkoitiko langileek zatituta jarraitzen dutela, eta bi lagunen hitzetan, "giroa are okerragoa" da orain. Gertatu denarekin "minduta" sentitzen dira, baita jazotakoaren aurrean "babes gutxi" jaso dutelako ere: "Ez dugu ez mobilizaziorik, ez pankartarik, ez kartel bakar bat ere ikusi gure kaleratzeen aurrean. Eta ez lukete gugatik egin behar, baizik eta ondoren etorriko direnengatik", adierazi dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide