Sidenorreko lan gatazka

Sidenorreko langileek ozen esan dute beren eskubideen alde borrokan jarraituko dutela

Ane Olaizola 2026ko martxoaren 7a

ELA eta LAB sindikatuek deituta, manifestazio jendetsua egin dute gaur goizean Sidenorren lantegitik abiatuta. Azkoitiko lantegiaren eta langileen egoeraren "arduradun nagusia" enpresaren zuzendaritza dela adierazi dute, eta ohartarazi dute ez dutela kaleratzerik onartuko, ezta laminazio trenaren ekoizpena etetea ere. 

Sidenorreko Azkoitiko lantegian gehiengoa duten ELA eta LAB sindikatuek deituta, manifestazio jendetsua egin dute gaur goizean Azkoitiko kaleetan. Enpresaren lantegiaren aurretik abiatu dira ehunka lagun langileek bizi duten egoera salatzeko, eta herriguneko kaleak zeharkatu bitartean ozen esan dute langileek beren eskubideak borrokatzen jarraituko dutela. 

2024tik lan hitzarmenik gabe daude Sidenorren Azkoitiko lantegian, eta "hitzarmen duina" lortzeko negoziazioak martxan jartzea zen mobilizatzaileen aldarri nagusia; izan ere, adierazi dute "asanbladan negoziazio mahaia irekitzea eskatu eta hitzarmen duin bat sinatu" nahi izateagatik, zuzendaritza "behin eta berriz" ari zaiela "xantaia" egiten. Ordea, bestelako norabide bat ere hartu du gaurko manifestazioak, enpresak aste honetan iragarri baitu Azkoitiko laminazio trenaren ekoizpena etengo duela eta hango 36 langile Reinosako lantegira (Espainia) lekualdatuko dituela. Horrek beharginen kezka areagotu baino ez du egin, eta aurreratu dute ez dutela kaleratze bat bera ere onartuko, ezta ekoizpena geratzea onartuko ere. "Erabaki honek ez die soilik 36 langileri eragiten, baita haien familiei ere, eta Azkoitiko lantegia eta hango 255 langileak ere kinka larrian utziko ditu", gaineratu dute. 

Ildo horretan, Azkoitiko lantegiaren eta hango langileen gaur egungo egoeraren "arduradun nagusia" enpresaren zuzendaritza dela azpimarratu dute. 

"Langileak pobretzearen kontura"

Sindikatuek gogoratu dute duela hamarkada oso bat erosi zuela Sidenorrek Azkoitiko lantegia, eta ordutik Azkoitiko lantegiaren egoera zein hango langileen egoera "asko okertu" dela azpimarratu dute. "Orduan geneuzkan antzeko soldatekin jarraitzen dugu, lan ordu gehiago dugu, behin-behineko langileak oso egoera prekarioan daude, enpresaren aldetik inbertsio falta dago, eta hark 200 lanpostu inguru suntsitu ditu". Kontrara, Sidenorreko zuzendaritzak akziodunen artean "etekin izugarriak" banatu dituela adierazi dute: "Aberasten jarraitzen dute, langileak pobretzearen kontura". 

Hori hala, "lanpostuen suntsiketaren eta langileen baldintzen prekarizazioaren aurrean", Azkoitiko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta batez ere Eusko Jaurlaritzari dei egin diete neurriak hartu ditzaten. 

(Gukak laster kaleratuko du sindikatuetako ordezkarien adierazpenekin osatutako bideoa).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide