Sidenorreko lan gatazka

Reinosara joateari uko eginda, 28 langile kaleratu ditu Sidenorrek Azkoitian

Ane Olaizola 2026ko maiatzaren 8a

Amaitu da Sidenorren Azkoitiko langileak Reinosara lekualdatzeko negoziazio prozesua. Lau dira han lanean hasteko prest agertu direnak. Gainontzekoak enpresak berak hautatu ditu, baina horiek guztiek uko egin diote hara joateari. Hemezortzi hilabeteko ordainsariaren truke, kontratua eten die Sidenorrek. 

Sidenor enpresak joan den martxoaren hasieran jakinarazi zuen Azkoitian duen lantegiko 250 beharginetatik 36 Reinosako lantegira (Espainia) lekualdatu nahi zituela, altzairuaren laminazio trenen ekoizpena han bateratzeko erabakia hartu zuelako. LAB sindikatuak Gukari adierazi dioenez, dagoeneko itxita dago Tren Handiaren ekoizpena Azkoitian, eta amaitu da afera horri dagokion negoziazio prozesua ere. Sindikatu horren arabera, enpresak, azkenean, 32 behargin bideratu nahi izan ditu Reinosako lantegira; eta gainontzeko laurak, hitzarmenetik kanpo dauden langileak, Sidenorren beste lantegi batzuetara bideratuko dituzte. Enpresak Reinosara eraman nahi zituen langileei  dagokienez, hara joateari uko egin diote 28k, eta ondorioz, kaleratu egin ditu Sidenorrek. 

Azkoitiko lantegiko lau langile prest azaldu dira Reinosara joateko, eta gainontzeko 28ak enpresak berak hautatu ditu. Sindikatuaren arabera, enpresako langile "gazteenengana" jo du Sidenorrek Azkoititik berrehun kilometro baino gehiagora dagoen lantegira joateko, eta bost eguneko epean hartu behar izan dute erabakia behargin horiek. Guztiek alboratu dute enpresaren proposamena. Horrenbestez, Sidenorren Reinosako lantegira joateari uko egin dion langile bakoitzari hemezortzi hilabeteko ordainsaria ordainduta —legeak gutxienez hamabi hilabeteko ordainsaria izatea bermatzen du—, kontratua eten die Sidenorrek.

"Etorkizun beltza" 

Langile batzordea osatzen duten sindikatu guztiek  —ELA, LAB, CCOO, UGT eta USO— negoziaziora eraman duten proposamena izan da enpresa aurretiko erretiroez balia zedila Reinosarako lekualdatzea saihesteko, beti ere horretarako boluntariorik ez balego. "Enpresan hogei bat langile daude datozen hilabeteetan aurre jubilazioa har dezaketenak, eta hori aukera ezin hobea izango zen lekualdatzerik ez izateko", esan du LABek. Sindikatu horren esanetan, ordea, Sidenorren zuzendaritzak ez du halakorik egin nahi izan, eta lekualdatzearekin "temati" azaldu da, han langileak behar direla argudiatuta. Horrez gain, langile batzordeak Precora jo du lan gatazka konpontzeko bitartekaritza eske, baina enpresak uko egin dio horri ere. "Horrek beste behin kolokan jartzen du enpresaren fede ona". 

LABen esanetan, Azkoitiko langile zaharrenei erretiroa emateko aukera errefusatu eta gazteak "kaleratu" izanak "argi" erakusten du Sidenorrek "zalantzan" jartzen duela Azkoitiko lantokiaren etorkizuna. "Neurri honekin kezka handiz ikusten dugu lantegi honen etorkizuna. Lehen, Azkoitiko langileen batez besteko adina 51-52 urtekoa bazen, orain 54koa izango da. Ez dakigu zein den Sidenorren benetako asmoa, baina etorkizun beltza ikusten diogu hemengo egoerari, are gehiago laminazio trena geratuta dagoen honetan".

Era berean, sindikatuak azaldu du langile batzordea Azkoitiko Udalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zein Eusko Jaurlaritzarekin elkartu dela azken hilabeteetan, eta horiek "harrera ona" egin badiete ere, langileenganako tratua "batere ona ez" dela izan salatu du LABek. "Erakunde horiek enpresarekin ere egon dira, eta komentatu digutena izan da ulertzen dutela Sidenorrek hartu duen erabakia. Horrekin ez gaude batere ados, pentsatzen baitugu erakundeek bertako lanpostuak defendatu beharko lituzketela". 

Egoeraren aurrean, LABek babesa adierazi die kaleratuak izan diren langileei, eta gaineratu du enpresak hartutako erabakiaren kontra "gauza gutxi" dagoela egiteko. Ildo horretan, jakinarazi du sindikatua saiatu dela grebara jotzen, baina langile batzordean ez dutela adostasunik lortu. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide