Sidenorrek ukatu egin du inor kaleratu izana

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 9a

Sidenor lantegia. (Andoni Elduaien)

Sidenorrek berretsi du bere "lehentasuna enpleguari eustea" izan dela, eta, horregatik, 36 pertsonari eskaini diela lana lekualdatzea. Enpresak adierazi du bi langilek baino ez dutela egin bat lana Reinosara (Espainia) lekualdatzeko enpresak egindako proposamenarekin. 

LAB sindikatuak atzo Gukari jakinarazitakoa ukatuz, Sidenor enpresak ohar bidez adierazi du ez dela "kaleratze bakar bat ere" izan Azkoitiko lantegian. Enpresaren arabera, "merkatuaren egoerak" eta azken urteetan "egiturazko bihurtu den eskaeren jaitsierak" behartu dute enpresa barra lodien laminazio trenen ekoizpena Reinosan (Espainia) bateratzera.

Testuinguru horretan, enpresak kontsulten prozesua abiatu zuen langileen ordezkariekin. Guztira, sei bilera egin zituztela adierazi du Sidenorrek, baina negoziazioak "akordiorik gabe" amaitu zirela. "Enpresak negoziatzeko eta akordio batera iristeko ahalegin guztiak egin dituen arren, sindikatuek atzera bota zuten azken proposamena, eta baztertu egin zuten kontsulta aldia luzatzea", adierazi du zuzendaritzak.

Sidenorrek berretsi du bere "lehentasuna enpleguari eustea" izan dela, eta, horregatik, 36 pertsonari eskaini die lana lekualdatzea: 32 behargini Reinosara eta lauri beste leku batera. 32 langile Reinosara lekualda zitezen, enpresak adierazi du "borondatezko atxikipen prozesua" ireki zuela Azkoitiko lantegian, eta epe horretan bi langile Reinosara joateko boluntario azaldu zirela. Gainerako 30 postuak betetzeko, berriz, enpresak berak jakinarazi zien Azkoitiko lantegiko 30 langileri aurrerantzean lanpostua Reinosan izango zutela. 
 

Borondatez lana lekualdatzea onartzen zuten langileentzat "hainbat laguntza ekonomiko eta sozial" proposatu zituela azaldu du Sidenorrek, eta horiek zein izan ziren ere jakinarazi du oharrean. 6.000 euro eskaini zituen Reinosara bere borondatez joatea onartzen zuten langileentzat; 3.000 eurorainoko diru saria lekualdatze gastuetarako; eta 18.500 euroko diru saria Reinosan kokatzeagatik. Horrez gain, alokairurako laguntzak ere aurreikusi zituztela nabarmendu du enpresak; hiru urtez, gehienez, 1.250 euro emango zituzten hilean, familia unitatearen arabera. Era berean, enpresak beharginentzako harrera eta prestakuntza plan pertsonalizatua eskaini zuen negoziazio mahaian, baita soldataren bermea ere. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide