Zortzi aho batez, eta bat oposizioko taldeen aldeko eta udal gobernuaren kontrako botoekin. Azkoitiko Udalak atzo onartu zituen 2026an udalerrian indarrean izango diren tasa, zerga eta prezio publikoak. Ordenantza fiskalak eguneratuta, %2,5 igoko dira, oro har, udal tasak eta zergak, "urte arteko KPIa erreferentziatzat hartuta"; gaia jorratu duten udal teknikariek urte bukaeran KPIa %3aren bueltan ibiltzea aurreikusi dute. Baina badira igoera orokorraren gainetik ibiliko direnak ere; eta horietako batek, etxe hutsen jabeei ezarritako gainordainak, eragin zuen eztabaida luzeena atzoko udalbatzarrean.
Ordenantza fiskalen aldaketak bozkatu aurretik, horien gainean aurkeztutako proposamenez zein alderdien udal taldeen arteko negoziazioez hitz egin zuten bozeramaileek.
Errekargua "marra gorri"
"Adostasunak desadostasunak baino gehiago" izan arren, oposizioarekin akordiorik ezin izan dutela itxi azaldu zuen Ana Azkoitia alkateak (EAJ), baina udal gobernuak akordio bila jarraitzeko asmoari eutsiko diola ere gaineratu zuen. Janire Igoak (PSE-EE) udal gobernuak proposatutako %2,5eko "neurrizko" igoera orokorra babestuko zuela esan zuen sarrerako horretan, eta gerora eztabaida luzatu zuen etxe hutsen gaineko errekargua %50 igotzea babestuko zuela aurreratu zuen. Jose Joakin Etxanizek ere (Azkoitia Bai) ontzat eman zuen udal gobernuak proposatutako igoera orokorra, baina herri bideen inbentarioan "aurrerapausorik eman ez" izana leporatu zien EAJren ordezkariei, eta ondorioz, "herritarren dirua zakarrontzira botatzea" eragozteko neurririk ez hartzea. Asier Altunak (EH Bildu), bere aldetik, iaz, aurten indarrean dauden ordenantza fiskalen eztabaidan, "desadostasun gehiago" izan zituztela ekarri zuen gogora, etxebizitzarena "larrialdia" dela azpimarratu, eta horri irtenbidea emateko neurriak hartzea aldarrikatu zuen.
Banan-banan landu eta bozkatu zituzten ordenantza fiskalen bederatzi irizpenak. Ondasun Higiezinen gaineko Zergarena (OHZ) izan zen bigarrena. Gainerako ia denak bezala, oro har %2,5 igoko da zerga hori datorren urtean, baina OHZren barruan, etxebizitza hutsen gaineko errekargua %100etik %150era igoko da. Oposizioko hiru taldeen aldeko eta gehiengo nahikorik ez duen udal gobernuaren kontrakoekin onartu dute igoera hori, EH Bilduk eta Azkoitia Baik elkarrekin aurkeztutako emendakina onartuz, EAJk bezperan iragarri zuen bezala. Atzo batzuek eta besteek esandakoaren arabera, etxebizitza hutsei aplikatzen zaien errekarguaren igoera izan da arau fiskalak eguneratzeko akordiorik lortu ez izanaren "marra gorria".
Alokairuko tentsio handiko gune izendatzeko txostenean jasotako datuak aipatu zituen Altunak, emendakinaren zergatiak azaltzean, etxebizitzaren prezioak herrian izandako gorakada nabarmenaren aurrean neurriak hartzea beharrezkoa dela defendatzeko. 2017tik 2022ra alokairuaren prezioa ia %25 igo zen Azkoitian, eta "ia %40raino igotzea aurreikus daiteke", Altunaren esanetan, 2022tik aurtengora. Egoera horrek etxebizitza huts asko "espekulaziorako eremu" bihurtzen ditu, EH Bilduren aburuz –funts putre baten jabetzako "etxe baten berri behintzat" badutela esan zuen Altunak–; eta horregatik, beste zenbait herritan egin duten bezala, etxe hutsen gaineko errekargua %150era igotzea erabaki dute, etxe horiek merkaturatzea bultzatzeko.
Bezperako oharrean jasotako argudioak berretsi zituen, aldiz, alkateak. EAJ etxe hutsei errekargua jartzearen kontrakoa dela argi utzi zuen Azkoitiak: duela hamabi urte alkatetza berreskuratu zuenean, EH Bilduren udal gobernuak ezarritako errekargua kentzea izan zen EAJren "lehen lana", alkatearen esanetan; agintaldi honetan, gehiengo osorik gabe, oposizioaren ekimenez eman zion ameto udal gobernua errekargu hori berreskuratzeari eta %100ekoa ezartzeari; baina datorren urterako proposatutako igoerari ezezkoa ematea erabaki dute. Neurriak etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko duen eraginkortasuna ukatu zuen alkateak.
Errekarguaren igoerarekin udalak "irabaziko" dituen 30.000 euroak etxejabeen erreklamazioei erantzuten xahutuko dituztela esan zuen, besteak beste, Azkoitiak. Horri erantzunez, etxe hutsak Bizigune programa publikoaren bidez alokairuan jartzen dituzten etxejabeentzat iaztik %99ko hobariak ere ematen dituztela ekarri zion gogora alkateari.
OHZren atalean, lehendabizi oposizioaren emendakina eta ondoren zerga osoaren igoera bozkatu zituzten, eta bietan eman zuten aldeko botoa oposizioko hiru taldeek, eta ezezkoa udal gobernuak. Jendea bizi den etxebizitzetan, kontribuzioan %2,5eko igoera aplikatuko da, aurreko urteetan izoztuta egon ondoren; bestetik, %50eko hobaria ematen jarraituko du udalak eguzki plakak jartzeagatik, baina hobaria behin bakarrik emango dute etxebizitza bakoitzeko.
Zaborrarena, gora eta behera
Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga, Hiri Lurren Balio Gehikuntzaren gainekoa eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gainekoa ere % 2,5 igoko dira; ibilgailu elektrikoek (%70ekoa) eta hibridoek (%50ekoa) hobaria izaten jarraituko dute, baina hobari hori eskatzeko epea lau urtera murriztuko dute.
Hondakinen bilketari eta kudeaketari lotutako zerga, berriz, %2,5eko igoera orokorretik kanpo gelditu da. Iaz, zaborraren zerbitzua defizitarioa ez izateko Europak ezarritako agindua lehen aldiz bete behar izan zuten udalek, eta aurten ere ildo beretik jarraitu dute. Azkoitian, "Urola Erdiko Mankomunitateak igorritako kostuen inguruko informazio guztia aztertu eta xehatu ondoren", 2026rako etxeetako zein merkataritza eta ostalaritza lokaletako zaborraren tasa %6 igotzea erabaki dute; eta, aldiz, industriari ezarritako tasa aurtengoa baino %13 txikiagoa izango da. Industriako zabor bilketa mankomunitateak egiten du Azkoitian, eta gainerakoa, udalak kontratatutako enpresa batek. Azken horrekin kontratua berritzea eta jasotzen den errefusa kopuruak gora egitea daude %6ko igoeraren oinarrian; industrian zabor bilketagatik gutxiago ordaintzea, berriz, kartoiaren merkatzeak eragin du hein handi batean, atzoko udalbatzarrean azaldu zutenez.
Elkarguneko tarifak %2,5 igoko dituzte, eta taxienak, berriz, %2,7 egingo du gora, taxilarien elkartearen proposamenari jarraituta.
Baratze parkearen lekualdaketa
Udal jabari publikoa okupatzeagatiko tasa ere %2,5 igoko da oro har, baina horri lotuta, Azkoitiko baratze publikoen parkea lekuz aldatzeko asmoaren berri eman zuen alkateak.
2026an bukatuko dira baratzeen egungo lagapenak eta, beraz, lagapen berriak eta zozketa egitea tokatuko zaio udalari. Baina, horrekin batera, Altamiran baratzeekin jarraitzeko aukerarik ez dute izango, eremu hori urbanizatzeko eta etxebizitzak eraikitzeko proiektua onartuta baitago.
Datak eta baratze berrien kokapena ez zituen zehaztu Azkoitiak, baina "lasai" egoteko deia egin zien baratzeen egungo erabiltzaileei, lagapen eta baratze berriak martxan jarri aurretik erabiltzen ari diren lur sailak behar bezala husteko aukera izango dutelako. Datorren urtea bukatu aurretik baratzeentzako gune berria "atonduta" izateko "esperantza" adierazi zuen atzo Azkoitiko alkateak; bestela, aldaketak 2027ra atzeratuko dituzte, eta ordura arte gaur egungo erabiltzaileek jarraituko dute baratzeen lagapenaz gozatzen.