Azkoitia Baik 2026ko ordenantza fiskalak erabakitzeko ezohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2025ko urr. 15a, 20:02

Ordenantza fiskalak eztabaidatzeko udalbatzarra, udaletxeko bilkura aretoan. (Udala)

Hilero bezala, Azkoitia Bai herri plataformak datorren urteko ordenantza fiskalak erabakitzeko urrian egindako ezohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak jaso ditu idatziz.

Hasteko, ordenantza fiskalen negoziazioak nola joan diren azalduko dugu gainetik: esan behar da, urtero udaleko teknikariak egiten duen txostenaren arabera, Euskadiko KPIa %3a izatea espero dela 2025. urtearen bukaeran. Gaur eman dute irailekoaren berri, eta %3,3an gaudela dirudi. Udal gobernuak lehen egunean egin zuen proposamena, orokorrean, tasak eta zergak %2,5 igotzea izan zen, nahiz eta hurrengo egunetan egin zituzten negoziazioen ondoren, %2,2a ere proposatu zuten.

Guk beti esan izan dugu: tasak eta zergak jaistea, gehien dutenen onurarako izan ohi da. Horregatik puntu erdia baino gehiago jaisteren kontra azaldu gara, eta badirudi horrela onartuko dela.

2024an, urteetan borrokatutako tasa eta zerga gehienak onartzea lortu genuen, baina herri bideen inbentarioan eta ordenantzan ez da aurrerapausorik eman; zazpi urte daramatzagu gai horrekin. Orain dela lau urte, herri bideen inbentarioa egiteko kontratazioa hasiera zen, baina hutsik gelditu zen. 2023an zuen konpromisoa adierazi zeniguten berriro, eta partida berriro jarri beharko zela esan. Aurten, behin eta berriz eskatu ondoren, inbentario hori hormigoizko herri bideetan egitea adostu genuen.

Zazpi urtez ari gara esaten herritarren dirua zakarrontzira botatze ekidin behar dugula. Udaletik urtero jartzen da dirua herri bideak konpontzeko. Ordea, gero erabilera desegokia ematen diotenek dena txikituta uzten dute, esaterako, egurra ateratzera etortzen diren enpresek. Gure inguruko herri askok ezarrita dute tasa hori; gurean ez dakit zein den oztopoa. Epe zehatz batzuk jartzea eskatu genizuen herri bideen inbentarioa egiteko eta udal ordenantza onartzeko. Hori izan da guk aurten jarri dugun baldintza bakarra ordenantzak onartzeko, baina ez diguzue onartu nahi izan.

Bigarren hitzartzea:

Udaletxean egoten garenok, bai kontratazioan eta bai ordenantzetan, badakigu alkatetzatik markatzen direla lehentasunak. Hori horrela, guk garbi dugu ez dela teknikarien lan pilaketaren arazoa izan, alkatetzatik jaso dituzten aginduen ondorioa baizik.

Orain dela bi urte ere inbentarioa egiteko konpromisoa hartu zenuten, eta baita dirua jarri beharko zela esan. Pentsatu dezakezue lehen ere konpromiso hori bete ez baduzue, aurten ere berdina eskaintzen badiguzue ez dugula onartuko. Azken urteetan hartu dituzuen konpromiso asko bete ez izana salatu izan dugu, eta hori beste bat gehiago besterik ez da. Aurrekontuak eztabaidatzen hasi ginen urte batean ez genuela ezer negoziatuko ere esan genizuen, alferrikako lana hartzea besterik ez zelako, ondoren hartutako konpromisoak ez dituzuelako betetzen. Eguzkik ere arartekoan salatu zaituzte, aurrekontuan hartutako konpromisoak bete ez izanagatik, zuen gardentasun eta gobernantza onarekiko koherentzia falta adieraziz. Agintaldi honetan beste gehiengo bat dago, baina zuen jokaera ez da ia aldatu; dena den, oraindik ez da bukatu. Beste bide batzuk jorratzeko aukera ez dugu inoiz baztertu agintaldi honetan, eta hemendik aurrera ere kontutan izango dugu.

1. 2026rako trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren kuota zehazteko funtsezko elementuak arautzen dituen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

Trakzio mekanikodun ibilgailuen zergari dagokionean proposatzen den aldaketa nagusiena da motor hibridoak edo elektrikoak dituzten ibilgailuen jabeei hobaria lau ekitalditarako murriztea. Kontutan hartuta gaur egun erosten diren ibilgailu gehienak mota horietakoak direla, hobaria bere zentzua galtzen ari da, eta gutxika murrizten joatea erabaki egokia iruditzen zaigunez, baietz bozkatuko dugu.

2. 2026rako ondasun higiezinen gaineko zergaren kuota zehazteko funtsezko elementuak arautzen dituen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

Emendakina:

Ordenantza fiskalen negoziaketak hasi genituenean, EH Bilduk proposamen hau luzatu zigun: etxe hutsen arazoari beste bultzadatxo bat ematea. Ondo iruditu zitzaigun, eta azkenean emendakin hau batera aurkezteko prest agertu gara.

Bigarren hitzartzea:

Errekargu horren helburua ez da, guretzat behintzat, udalak 33.000 euro gehiago jasotzea, etxe hutsak merkaturatzea baizik. Errekargu hori urte askoan izan duzue kenduta, eta 2024an berriro jarri genuenean ere, kontra azaldu zineten.

Iaz ez zenioten inongo oztoporik jarri Etxebiden etxea alokatzen jartzeagatik, OHZan %99ko hobaria izateari. Guk gure eztabaidak izan genituen, diru hori bi etxebizitza zituztenentzat izango baitzen, behar gehiegi ez zutenentzat alegia. Etxe hutsak merkaturatzeari garrantzia emanez, ordea, onartzea erabaki genuen. Jasotako datuen arabera, aurten Azkoitian 26 etxebizitza jabe izan dira hobari horren onuradunak, eta beraz, errekargua ordaindu ez dutenak. Ez dakigu hemen hartutako zer erabakik izan duen eragin handiagoa; beharbada biek. Ikusteko dago igoera berri horren eragina, baina gehienez, urteko kontribuzioaren batezbestekoa 250 euro dela jakinik, alokatu nahi ez duen etxe huts bat duenak 125 euro gehiago ordaindu beharko du. Aldiz, etxe jabeak etxea Etxebiden alokatzen jartzea erabakiko balu, 2026an ez luke errekargu hori ordaindu beharrik izango, ezta orain arteko 250 euroko errekargua ere. Esan bezala, %99ko hobaria jasoko luke; etxe jabeak ez lituzke datorren urtean 625 euro ordaindu beharko. Bestalde, alokairuaren dirua ere kobratuko luke, eta Etxebide etxea alokatu zuen egoera berdinean bueltatuko diola bermatzen dio.

Jaurlaritzak bultzatzen dituen laguntza horiek etxebizitza bat alokatuko lukeen jabearentzako dira. Ordea, norbaitek bere etxea alokatu nahiko ez balu, bidezkoa iruditzen zaigu errekargua igotzea. Ziurrenik gehiago egitea egongo da, eta nola ez, hausnartzen jarraituko dugu, baina arazoa gero eta larriagoa da, eta gu behintzat, etxe bila dabiltzanek gehiago kezkatzen gaituzte. Ez ahaztu etxebizitza eskubidearekin. Etxebizitzaren prezioak %7 egin du gora pasa den urtetik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gaur argitaratu duten KPIaren datuen arabera.

Emendakina onartu ondoren, bigarren puntua bere osotasunean, %150eko errekargua barne:

Azken urteetan azkoitiarrok gure etxebizitzagatik ordaintzen genuen zerga ondoko herrien batezbestekoa baino altuagoa zela aldarrikatu ondoren, 2025eko ordenantza fiskaletan erdialdean kokatu gara; pasa den urtean igoerarik ez aplikatzea lortu zelako izan zen hori. Azkenean, iaz lortu genuen gure eskariak onartzea, baxu zegoen industriaren zerga igoz eta altu zegoen herritarrenari igoerarik ez aplikatuz. Gaur egun, biak ala biak, batezbestekoan kokatu dira, eta beraz, puntu horretan ere %2,5eko igoera orokorra aplikatzearen alde gaude.

3. 2026rako hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zergaren kuota zehazteko funtsezko elementuak arautzen dituen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

Hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zergan (plusbalioan), koefiziente aplikagarrien taularekin ados gaude, baita karga tasak %2,5 igotzearekin ere.

4. 2026rako eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren kuota zehazteko funtsezko elementuak arautzen dituen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

22. a) artikuluan euskarazko testuan "sozial" baldintza gehitu beharko litzatekeela ondo iruditzen zaigu. %90eko laguntza emateko proposamen batzuk aztertzen ari ginela, geu konturatu baikinen euskarazko testuan hitz hori falta zela.

Irisgarritasunean 87/2008 foru dekretuari erreferentzia kentzearekin ados gaude. Irisgarritasun arazoak ez dira soilik 0 kotan gertatzen, eta dekretu horretan kota horretara mugatzen dira.

5. 2026rako udal jabari publikoa okupatzeagatiko tasa arautzen duen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

Baratze ekologikoei dagokienean, tasa kobratzeko hartu duzuen erabakia ondo iruditzen zaigu, baina eremu horretan aurreikusten diren obren inguruan zalantza gehiago dugu. Munok etxebizitzak egingo diren kartela jarri ondoren, hurrengo pauso denak horretara bideratu direla dirudi.

6. 2026rako hondakin solidoak eta geldoak biltzeko, tratatzeko eta aprobetxatzeko edo deuseztatzeko zerbitzuaren tasa arautzen duen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

Tasa defizitarioa ez izateko, legea sartu zen iaz indarrean, eta hori dela eta, industriaren tasa %42,4 igo genuen, eta herritarrena %3,3; alegia, bakoitzak bere kostua estaltzeko adina. Eskerrak azkenean Europatik etorri zen guk hainbeste urtez eskatzen jardun dugun agindua, bestela oraindik pausorik eman gabe ginen. 2026ra begira, iazko kostuak estaltzeko etxetiarrena %6a igotzea eta industriarena %13a jaistea egokitzen da; badirudi horrelako gorabeherak izango ditugula hurrengo urteetan ere, udaletik kontrolatzen ez ditugun aldagaiak tarteko.

Baina hurrengo pausoa eman beharrean gaude. Europako zuzentarauak sortzez besteko ordainketa ere ezarri behar zela zioen, eta hor oraindik urrats gutxi egin ditugu. Herritarrok sortzen dugun zaborrean, sortzez besteko ordainketaren aldekoak gara, eta legeak ere horretara derrigortzen gaitu. Zabor gutxiago sortzen duenak hobariak jaso beharko lituzke, gehiago sortzen duenaren ordainetan. Gure herriko industrian gehiago sortzen duenak gehiago ordaintzen du. Aurten garbi ikusi da, kostatzen dena kobratzen hasi garenean, %42,4a igo zaienean, arduratuta, haserre ez esateagatik, udaletxera deitu dutela batzuek. Iaz arte herritar denon artean ordaintzen genuen industriako atez atekoak zuen kostua, baina orain bakoitza bere kostuen jabe egin denean, industria neurriak hartzen, edo gutxienez, kezkatzen hasi dela dirudi. Dena den, guretzat ez da nahikoa neurria soilik industrian aplikatzea, eta beste arlo denetara zabaltzen joan beharko genuke. Arduratu gaitezen denok sortzen dugun zabor kopuruaz. Aurretik esan dugun moduan, zabor gutxiago sortzen duenak gutxiago ordaindu dezan, gehiago sortzen dutenen ordainetan.

Mankomunitatetik saiakera egitea ondo deritzogu, eta nola ez, jarraipen zuzena egingo diogu. Ea pauso sendoak emateko gai garen. Bide onetik goazela dirudi, eta gure baiezkoa emango diogu.

7. 2026rako zerbitzu publikoak eman eta jarduerak egiteagatiko tasa arautzen duen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

Puntu honetan, %2,5eko igoera orokorra ez ezik, alderaketa nabariena da, Berdintasun sailak antolatutako ikastaroak orduka kobratu beharrean, ikastaroko kobratuko direla jartzea. Modu hori egokiagoa dela ikusi da, eta guk ez diogu oztoporik jarriko.

8. 2026rako Zubiaurre-Elkargune Institutuko kultur, kirol eta aisi-ekipamenduan eta Ugarteigaran estali gabeko igerilekuetan eskaintzen diren zerbitzuen tasa arautzen duen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

Fisioterapia zerbitzuaren eta yoga tarifen igoerekin ados gaude, baita %2,5eko igoera orokorrarekin ere.

Aurten ere, Elkarguneko zerbitzuaren aldaketak du garrantzi handiena. Dagoeneko atzeratuta goaz, datorren urterako kontratazio berria bideratzeko denbora bukatzen ari zaigu eta.

9. 2026rako Taxi tarifen onespena.

Urtero bezala, azterketa ekonomikoa bidali digute, eta azterketa horren arabera %2,7ko igoera proposatzen dute. Azken urteetan aho batez onartu ditugu beraiek proposatutako igoerak, KPItik urrun agon arren. Aurten, KPItik ere hurbil egongo dela igoera dirudi, eta beraz, gure baiezkoa emango diogu. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide