Eguzkik udala salatu du Arartekoan, erakundeak ingurumenari buruzko informazio eskubidea urratu duelakoan

Ane Olaizola 2025ko mai. 7a, 10:07

Azkoitiko ibai ertzeko baranda bat, saretarik gabe. (Eguzki)

Taldeak urtarrilean jakinarazi zuen udalak oposizioarekin sinatutako ingurumen ituna ez zuela bete. Erakundearen "erantzunik ez" duela jaso eta, Ararteko jo du, informazioa eskuratzeko eskubidea jasotzen duen araudiaz baliatuta.

Eguzki talde ekologistak Azkoitiko Udalaren aurkako salaketa jarri du Arartekoan, haren arabera, erakundeak urratu egin duelako ingurumenari buruzko informazio eskubidea. Taldeak urtarrilean jakinarazi zuen udalak oposizioarekin sinatutako ingurumen ituna ez zuela bete: Eguzkiren esanetan, Altzibar auzoko 41 zenbakiaren atariaren aurrean dagoen aparkalekutik Azkoitia eta Azpeitia arteko bidegorrira arteko zatian —840 metro inguruko tartean—, ibaiaren ondoko baranden azpian sareta jarriko zuela jaso zuten akordio hartan, baina Eguzkik salatu zuen, udalak, artean, ez zuela "metro bakar bat ere ez" jarri. Azalpenak ere eskatu zizkion erakundeari, eta ordutik hiru hilabete igarota, "erantzunik ez" du jaso. Ondorioz, informazioa eskuratzeko eskubidea jasotzen duen araudiaz baliatuta, Arartekora jo dute ekologistek. 

Eguzkik esan du, informazioa jasotzeko eskubidea "zorionez aspalditik" dagoela indarrean EAEko, Espainiako Estatuko zein nazioarteko araudietan. Legeak betetzea "guztiei", baina "bereziki erakunde publikoei", dagokiela azpimarratu du taldeak, eta betebehar horretan haiek "eredu" izan behar dutela gaineratu du. Ildo horretan, adierazi dute erakundeek ezin dutela "aitzakia gisa" erabili araudia "ez ezagutzea". "Horren guztiaren berri osoa du udalak, eta gure kasuan behintzat, aktiboki eta jakinaren gainean urratzen du gure eskubidea". 

Udalak eskatutako ingurumen informazio eskubidea "urratu" duela jakinda eta
"araudiaren aurka" egin duenez, jazotakoa salatu du taldeak Arartekoaren aurrean, eta azaldu du eskabidean "argi eta gabi" adierazi duela zein den bere nahia: "Ingurumena ahalik eta babestuen egotea".

Horrez gain, erakundeari galdegin dio bere eskumenekoa den "beharrezko guztia" egin dezala eta "erantzukizunez" joka dezala afera zuzentzeko zein udalaren beraren "jarrera zuzentzeko". 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide