Azkoitiko PSE-EEk etxebizitza sustatzeko eta eskuratzeko konpromisoa agertu da berriro, udalerrian hutsik dauden etxebizitzak merkatura itzultzea sustatzeko neurriak babestuz. Janire Igoa bozeramaile sozialistak hala azpimarratu du: "Azkoitian etxebizitza huts asko daude, eta, bitartean, ezin dugu onartu bizilagun askok, batez ere gazteek, etxebizitza duin bat lortzeko aukerarik ez izatea".
Udal talde sozialistak etxebizitzarekin duen konpromisoa "irmoa da". Haren esanetan, "ez da nahikoa gehiago eraikitzea, lehendik dagoena mugitu behar da". Izan ere, merkatuko etxebizitza bakoitza "Azkoitian bizitzen geratzeko beste aukera bat da", adierazi du Igoak.
Horregatik, PSE-EEk etxebizitza hutsen errekargua %100etik %150era igotzeko proposamenaren alde egin du. Igoaren ustez, "etxebizitzaren merkatua dinamizatzeko tresna erabilgarria da, eskaintza gehiagorekin, aukera gehiagorekin eta desberdintasun gutxiagorekin. Udalerri bizia nahi dugu, jendea bizi den auzoak dituena".
Bestalde, sozialistek %2,5eko igoera orokorra babestu dute udal tasetan eta zergetan. Neurrizko igoera horri esker, Azkoitiko herritarrek jasotzen dituzten zerbitzu publikoen kalitateari eutsi ahal izango dio udalak.