Azkoitiko udalbatzarrak

Udalak %3,7ko igoera orokorra ezarriko du 2027ko tasetan eta zergetan

Ane Olaizola

Ia tasa eta zerga gehienak KPIaren arabera igoko dituzte datorren urtean Azkoitian, baina hondakinen gaineko tasak igoera nabarmena izango du Urola Erdiko Mankomunitateak izandako kostuaren eraginez: %13,9 igoko diete etxebizitzei, merkatariei eta ostalariei. EAJ eta EH Bilduren adostasunez onartu dituzte ordenantza fiskalak, eta Azkoitia Bai abstenitu egin da gehienetan. 

Udalbatzak datorren urteko ordenantza fiskalak onartu zituen atzo egindako ezohiko bilkuran, eta orokorrean, udalak %3,7 igoko ditu datorren urteko tasak eta zergak. EAJren udal gobernuak EH Bilduren adostasunarekin atera zituen aurrera udal ordenantza fiskalak, eta Azkoitia Bai plataforma abstenitu egin zen neurri gehienetan, hark tasak eta zergak, oro har, %4a igotzea proposatu baitzuen. PSE-EEko hautetsi Janire Igoak, berriz, ez zuen parte hartu udalbatzarrean. 

Uztaileko KPIaren aurreikuspena erreferentziatzat hartuta, udal tasa eta zerga ia guztiak indize horren parean, %3,7an, kokatzea proposatu zuen udal gobernuak, zerbitzu publikoaren kalitateari eusteko asmoz eta ahalik eta presio fiskal "orekatuena" egon dadin. Horrenbestez, igoera hori ezarriko dute honako udal zerga eta tasetan: trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergan; ondasun higiezinen gaineko zergan; hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zergan; eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan; udal jabari publikoa okupatzeagatiko tasan; zerbitzu publikoak eman eta jarduerak egiteagatiko tasan; eta Zubiaurre-Elkargunean zein Ugarteigaran estali gabeko igerilekuetan eskaintzen diren zerbitzuen tasan. Lehenengoz, gainera, egonaldi turistikoen gaineko zerga indarrean izango da hurrengo urtean Azkoitian; udalak gutxieneko tarifa ezartzea onartu zuen joan zen uztaileko bilkuran. 

Dena den, izango da salbuespenik udal ordenantzen igoera orokorrean, eta horien artean, azpimarratzekoa da hondakinak biltzeko eta kudeatzeko zerbitzuaren gaineko tasa. Igoera nabarmena izango du horrek: %13,9 igoko diete etxebizitzei, merkatariei eta ostalariei, eta %7,7 industria lantegiei. Igoera hori arrazoitzeko, Ana Azkoitia alkateak gogoratu zuen azken urteetan Europak ezarritako agindua bete behar dutela udalek; hau da, hondakinen zerbitzuak ezin du izan defizitarioa, eta hondakinak sortzen dituztenek ordaindu behar dute gastu osoa. Hark jakinarazi zuenez, Azkoitiko hondakinak kudeatzeaz arduratzen den Urola Erdiko Mankomunitateak ematen duen zerbitzuaren kostua %11,71 igo da Azkoitian — %11,4ko igoera orokorra izan du—, eta iaz, hondakin bilketaren eta tratamenduaren gastua 1.523.545 eurokoa izan zen Azkoitiko herriarentzat. Horrek, hondakinen tasan "eragin zuzena" duela adierazi zuen alkateak.

Haren arabera, hondakinen tasa zehazteko aurreko bi urteetan ezarri duten formula bera errepikatu dute oraingoan ere. Irizpide bera erabili dute, eta "zenbaki horiek" eman dute. Era berean, Urola Erdiko Mankomunitatearen gastuaren igoera "faktore askok" eragin dutela azaldu zuen hark, hala nola mankomunitateak Garbigunearekin duen kontratuak, langileen lantaldea handitzeak eta hondakinen sailkatzeak. Bide horretan, alkateak azpimarratu zuen, hondakinak zenbat eta gehiago bereizi, orduan eta diru sarrera handiagoa izaten duela mankomunitateak, eta beraz, herritarrei dei egin zien hondakinak behar bezala sailkatu eta birziklatzeko. 

Horrez gain taxi tarifak %4,3 igoko dituzte, taxi gidariek beraiek hala proposatuta. Ordenantza fiskalekin batera, gainera, horietan jasotzen diren hobariak ere hainbat zehaztu zituzten: trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergan, orain arte bezala ibilgailu elektrikoek zein hibridoek %70eko eta %50eko diru laguntzak jasoko dituzte, baina azken ibilgailu horiei dagokienez, soilik hibrido entxufagarriak izango dira hobaria jasoko dutenak datorren urtean. Horrez gain, kontribuzioari dagokionez, udalak gastuaren erdia ematen jarraituko du eguzki plakak instalatzeagatik, eta behin emango du etxebizitzako. Ondasun Higiezinen Zergan eta Elkarguneko zerbitzuen tarifetan, bestalde, familia ugariek ez ezik, gurasobakarrek ere jaso ahal izango dituzte datorren urtean hobariak. 

Baietzaren eta abstentzioaren artean

Ohikoa den moduan, ordenantza fiskalak osatzen dituzten irizpenak banan-banan bozkatu zituzten udal ordezkariek; bederatzi, guztira. EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu zituzten tasa eta zerga guztiak, eta Azkoitia Baik aldeko botoa eman zuen ondasun higiezinen gaineko zergan, hondakinen tasan eta taxien tarifetan; gainerakoetan abstenitu egin zen.

Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Bai plataformaren bozeramailearen arabera, udalaren zerbitzuen kalitatea mantentzeko ezinbestekoa da presio fiskala KPIaren arabera handitzea, eta hark gogoratu zuen, udalak, iaz, ordenantza fiskalak %2,5 igo zituela, berezko KPIa baino lau hamarren gutxiago. Horrenbestez, Azkoitia Bairen oraingo proposamena zen datorren urtean iazkoaren zati bat behintzat berreskuratzea, eta horregatik, ordenantza fiskalak 2027an %4 igotzea galdegin zuen. EH Bilduren bozeramaile Asier Altunak, bere aldetik, adierazi zuen gaur egungo inflazioaren eta oinarrizko jakien prezioen garestitzearen aurrean "ulerkorrak" izan behar dutela, eta koalizioaren urtez, zergak %3,7 igotzea ez dago "hain urrun" udalak, zerbitzu publiko moduan, dituen eginkizunei erantzuteko. 

Ordenantza fiskalen zenbatekoan ez ezik, beste hainbat puntutan ere ez zen ados izan Etxaniz. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan, esaterako, hainbaten artean "iruzurrerako" joera dagoela adierazi zuen hark, jakitun zenbait pertsonak edota enpresek ezkutuan edo baimenik gabe egiten dituztela obrak. Ezkutuko obrak egin dituzten enpresek udalaren isunik jasotzen ez dutenez, horri aurre egiteko hainbat neurri galdegin zituen plataformak, hala nola udaltzainen kontrol "zorrotzagoa" eta obra ikuskari bat kontratatzea. Are, udal gobernuak eskaera hori betetzeko konpromisoa hartuz gero, zergari, atzo, baiezko botoa emango ziotela aurreratu zuten plataformako udal ordezkariek. Azkoitiak, baina, erantzun zuen "ezinezkoa" zela halakorik egingo zuenik une horretan agintzea, baina gaia aztertuko zutela adierazi zuen. 

Mendizabal, Orbearen ordez

Datorren urteko ordenantza fiskalek hartu zuten atzoko udalbatzarraren tarte ia osoa, eta saioaren azken puntuan, EH Bilduren zinegotzi Nagore Orbeak dimisioa eman zuen. Esker onez agurtu zuten udal taldeek Orbea, bereziki udalean egindako ekarpenagatik, eta hark ere esker mezuak izan zituen gainontzeko udal ordezkarientzat. Orbeak kargua utzi berritan, koalizioak gaur jakinarazi du Itsaso Mendizabalek ordezkatuko duela hura. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide