Egonaldi turistikoen gaineko zerga aplikatuko du Azkoitiak aurrerantzean

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 30a

Gipuzkoako Foru Aldundiak prezio maila desberdinak zehaztu ditu ostatu motaren arabera, eta udalak gutxieneko prezioa aplikatuko du, gutxienez, lehen urtean. Hori hala, aurrerantzean 0,75 euro ordaindu beharko dituzte egonaldi bakoitzeko herriko ostatuetan, hoteletan edota aterpetxeetan ostatu hartzen dutenek. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk alde bozkatu dute, baina abstenitu egin da Azkoitia Bai, gutxieneko prezioa aplikatzea baino, nahiago izan duelako erdibideko zerga bat aplikatzea.

Udalak uztaileko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo, asteazkena, udaletxeko bilkura areto nagusian. Gai zerrenda ikusita, esperotakoa zen gairik mardulena egonaldi turistikoen gaineko zergarena izatea, eta halaxe izan zen. EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta Azkoitia Bai-ren abstentzioarekin, udalak egonaldi turistikoen gaineko zerga (ETZ) aplikatzea onartu zuen. Hori hala, herriko ostatuetan, hoteletan edota aterpetxeetan ostatu hartzen dutenek egonaldi bakoitzeko 0,75 euro ordaindu beharko dute aurrerantzean.

Ana Azkoitia alkateak eman zituen zerga hori aplikatuko duen ordenantza fiskalari buruzko azalpenak. Alkateak nabarmendu zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu zuela horri buruzko legea, eta ondorioz, Gipuzkoako herriak arau hori bere udalbatzarretan onartzera "derrigortuta" zeudela. "2027ko urtarrilaren 1a baino lehen ez badugu onartzen legea, foru arauak ezartzen duen baldintza berdinetan ezarri beharko genuke ordenantza. Foru arau horrek ostatu motaren arabera aplikatzen du zerga, gehienezko eta gutxieneko prezioa finkatuta, eta onartuko ez bagenuke, gehieneko zerga aplikatuta sartuko litzateke indarrean ordenantza", aletu zituen esanak alkateak. 

Aldundiaren legeak zenbait salbuespen zehazten ditu, zerga hori ez kobratzea ahalbidetzen dutenak, baina udalak bere horretan mantenduko ditu horiek guztiak bere ordenantzan. Besteak beste, ez zaie kobratuko zerga 18 urtetik beherako herritarrei, aniztasun funtzionalen bat dutenei eta mendekotasunen bat duten pertsonei nahiz haien laguntzaileei. Era berean, hobariak eta errekarguak aplikatzeko aukera ere ematen du araudiak, baina horretarako, zenbait baldintza bete behar dira, eta Azkoitiak ez ditu betetzen bi kasuetan. Hobarien kasuan, batetik, herrian 25 ostatu plaza edo gutxiago izatea eskatzen da, eta bestetik, herrian turismoaren intentsitatea %1 baino txikiagoa izatea. Azkoitian aterpetxe bat, hotel bat, bi landa turismo eta bost apartamentu turistiko daude, eta horien artean 143 ostatu plaza. Azkoitiko turismo intentsitatea, berriz, %1,21ekoa da egun.

EH Bilduko bozeramaile Asier Altunak koalizio subiranistak azpimarratu zuen turismoak "jasangarria eta errespetuzkoa" izan behar duela: "Turismoaren neurri gabeko esplotazioak zuzenean eragiten du herriaren idiosinkrasian, eta hori oso tentuz zaindu beharreko gaia da, gure hirien, herrien eta auzoen egunerokora aldaketa sakonak dakartza eta. Turismo sustengagarria eta etikoa bideratu behar dugu, herrietako ehun ekonomikoa nahiz soziala eta ingurugiroa zainduko duena. Azkoitia ez da egun bizi dugun neurririk gabeko sukar turistikoaren xede puntua. Garrantzitsua deritzogu turismoa erakartzeko politikak egitea, baina, esan bezala, turismo jasangarria eta errespetuzkoa. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu egonaldi turistikoen gaineko zerga ezartzea".

Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Bai-ko bozeramaileak, bestalde, herri plataformaren abstentzioaren zergatia azaldu zuen. Zergaren gutxieneko maila aplikatu beharrean, zerga maila ertainean ezartzearen aldekoa zen Azkoitia Bai: "Hobariak ezin ditugu ezarri herrian ostatu plaza gehiegi ditugulako, eta errekargurik ezin dugu aplikatu, horretarako ostatu gutxiegi ditugulako. Horrek erakusten digu turismoak egun herrira dakarkigun presioa ertaina dela. Horregatik ginen gu zerga markatzen zuten kantitateen bataz bestekoan, hura erdi mailan kokatzearen aldekoak, ez gutxiengoan, ez gehiengoan", adierazi zuen. 

Janire Igoa PSE-EEko bozeramaileak, berriz, ordenantzaren alde egin zuen. "Arrazoizkoa da gure udalerria bisitatzen dutenek eta herriko zerbitzuak erabiltzen dituztenek neurri egoki batekin zerbitzu horiek mantentzen laguntzea. Gainera, ordenantzak ostatu motaren araberako zenbatekoa ezartzen du, eta horregatik, neurri orekatua dela uste dugu. Indarrean dagoen araudira egokitutakoa da, eta turismo jasangarriago baten alde egiten du".

Hona hemen Azkoitian egun dauden ostatu motak aintzat hartuta, udalak onartu duen egonaldi turistikoen gaineko zerga, eurotan: 

Ostatu motak
Hotelak  
  • Izar batekoak edo baliokideak
0,75 euro/egonaldiko
Apartamendu turistikoak 0,75 euro/egonaldiko
Landa turismoko ostatuak 0,75 euro/egonaldiko
Aterpetxeak 0,75 euro/egonaldiko

Skate parkea eta Txalonerreka

Oteiza frontoien gainaldean eraiki nahi duten skate parkeaz eta Txalonerrekan babes publikoko etxebizitzak sustatzea ahalbidetuko duen hitzarmenaz ere hitz egin zuten udal ordezkariek. Batetik, 275.000 euroko kreditu aldaketa bideratu zuen udalak, skate parkearen proiektua gauza dadin datorren urterako diru partida sortzeko. Alkateak esan zuen "badaezpadako" mugimendua dela hori; izan ere, udalak skate parkearen proiektua egiteko lizitazioa martxan badu ere, oraindik "bukatzeke" dago. Haren arabera, skate parkearen lizitazioa martxan jartzeko 2025eko partida erabili du udalak, eta horregatik, partida hori aurtengo urtea amaitzerako erabili beharra du nahitaez. "Lizitazioa bukatu gabe dagoenez, pentsatzen dugu zailtasunak izan ditzakegula iaz jarritako diru partida hori aurten erabiltzeko", azaldu zuen Azkoitiak.

Txalonerrekako kontuaz, berriz, izapide kontuak argitu zituen alkateak. 2021ean, udalak eta Azkoitia Lantzen sozietate publikoak hitzarmena sinatu zuten Eusko Jaurlaritzarekin, Txalonerrekako hiru partzelatan etxebizitza publikoa sustatu ahal izateko. Dena den, eremu horretan Jaurlaritzaren eskuetan dagoen laugarren partzela bat dago, eta hori ere etxebizitza publikoak sustatzeko izango da. Atzo, hain justu, laugarren partzela hori 2021ean egindako hitzarmenean eranskin moduan txertatzea erabaki zuten. Eremu horretako obrei lotuta, alkateak esan zuen Jaurlaritzak eskatuta duela laugarren partzela horretan etxebizitzak eraikitzeko lizentzia; izan ere, laugarren partzela horretan hasiko da erakunde hori aurrena etxeak eraikitzen, eta gero, lehen, bigarren eta hirugarren partzeletan eraikiko du, hurrenez hurren. Erabilera pribatuko etxebizitzak eraikiko dituen sustatzaileak ere eskatuta du lizentzia, alkateak atzo aurreratu zuenez. 

2027ko jaiegunak, zehaztuta

Udalak 2027ko uztailaren 31a, zapatua, eta azaroaren 30a, asteartea, jaiegun izendatzea proposatu zuen. Urtero bi jaiegun zehaztu behar izaten ditu herri bakoitzeko udalak, eta herriko udal ordezkariek bi egun horien alde egin zuten. Bestela, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gainerako jaiegunak berdinak izango dira, nahiz eta datorren urtean, berrikuntza bezala, urriaren 7a ere jaieguna izango den. Egun horretan eratu zuten aurrenekoz Eusko Jaurlaritza, eta urteurren hori aitzakia hartuta, ostegun hori jaieguna izango da datorren urtean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide