Skate parkea eta Xabier Munibe ikastolaren atari berria, oraingoz, ez aurrera eta ez atzera

Ane Olaizola

Xabier Munibe ikastolaren ataria. (Ane Olaizola)

Skate parkea egiteko eta Xabier Munibeko ataria berritzeko proiektuak lizitatu gabe daude gaur-gaurkoz. Dagoeneko bi proiektuak gauzatzear izatea aurreikusten zuen udalak. 

Azkoitiko Oteiza frontoien gainaldean udalak eraiki nahi duen skate parkearen proiektua zein Xabier Munibe ikastolaren atarian erakunde horrek gauzatu nahi dituen eraberritze lanenena ez aurrera eta ez atzera daude gaur-gaurkoz. Datorren maiatzean amaituko den udal agintaldiko bi proiektu estrategiko dira bia ala biak, udal gobernuak bere Agintaldi Planean txertatuta dituenak. Erakundeak, azken urteetan, biak gauzatzeko hainbat urrats egin baditu ere, geldirik dira orain biak, lanen lizitazioek prozesua balaztatu dute eta. Horrenbestez, dagoeneko eginda edo amaitzear egon beharko luketen proiektuen lanak hasi gabe daude. 

Azkoitiko Udalak 2024an onartu zuen Xabier Munibe ikastolako 4.734 metro koadroko ataria eraberritzeko proiektua, eskola horretako kideek, aurrez, horretarako lanketa egin ostean eta haren eskaerari erantzunez. Hainbat izapide lan egin ostean, erakundeak joan zen maiatzean atera zituen lizitaziora lanak, 305.780 euroko aurrekontuarekin, baina deialdia zabalik izan den epean ez da inor aurkeztu lehiaketara, eta ondorioz, hutsik geratu da. 

Udalak aurreratu du berriz aterako dituela lehiaketara Xabier Munibe ikastolako jolastokia eraberritzeko lanak, baina oraingoz ez du bigarren deialdiaren inguruko xehetasunik eman, ezta noiz egingo duen jakinarazi ere. 

Skate parkea, ebazpenaren zain

Bestalde, udalak joan zen martxoan kaleratu zuen Aingeru kalean, Oteiza pilotalekuko belardian, skate parkea egiteko lehiaketa publikoaren deialdia, 184.851 euroko aurrekontuarekin. Enpresa bakarra –Zut skateparks– aurkeztu zen deialdi hartara, baina udalak ez dizkio hari esleitu lanak, kontratazio mahaiak ez baitu onartu haren proposamena. Horren aurrean, enpresak helegitea aurkeztu duela jakinarazi du udalak, baina gaur-gaurkoz, hark ez du errekurtsoaren gaineko ebazpenik eman. 

Agintaldiaren hasierakoa da skate parkeari lotutako proiektua ere: udalak 2024rako aurrekontuetan jaso zituen inbertsioen zerrendan zegoen kirol azpiegitura hori eraikitzea. Kokapenaren eta proiektuaren zirriborroaren berri eman ostean, erabiltzaileekin aztertu eta baloratu zuen erakundeak ordura arte egindakoa, eta modu horretara adostu zuen instalazioaren diseinua ere. Iaz jakinarazi zuen kirol hori praktikatzeko gunea "inklusiboa" izan dadin lanean ari zela; aurreproiektu fasean zegoen orduan skate parkearen egitasmoa, eta erakundeak urte horretan bertan aurreikusten zuen lanak lizitatzera atzeratzea, azpiegitura berria urtearen amaierarako prest izateko esperantzarekin. Horrez gain, joan den uztailean 275.000 euroko kreditu aldaketa bideratu zuen udalak, skate parkearen proiektua gauza dadin datorren urterako diru partida sortzeko. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide