Azkoitiak skate parke "inklusiboa" izan dezan lanean ari da udala

Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 14a, 08:00

Itxura hau izango luke Azkoitiko skate parkeak. (Azkoitiko Udala)

Oteiza frontoien gainaldeko zelaian skate parkea egingo du udalak, eta herritarrekin adostu du instalazioaren diseinua. Parkeak ahalik eta erabiltzaile anitzenen beharrak ase ditzan nahi du erakundeak.

Azkoitiko Udalak badu etorkizunean Oteiza frontoiaren gainean kokatuko den skate parkearen behin behineko diseinua. Patinajeko hainbat modalitatera egokituko da instalazioa, baita erabiltzaile anitzen beharretara ere. Udala proiektua ontzen ari da orain, eta urte bukaeran obra eginda egongo dela espero du.

Skate parke "inklusiboa" eta "irekia" nahi du udalak. "Ahalik eta jende gehien ibiliko den skate parkea nahi genuen hasieratik. Inklusiboa izan behar zuen derrigor, eta izango da, era guztietako jendeari egongo da zuzenduta, bai patinajean hasi berria denari, bai denbora gehiago daramanari", azaldu du Igor Isuskiza herriko Kirol zinegotziak.

Udala herritarrekin batera ari da egiten helburu horiek guztietara iristeko bidea. Erakundeak bi bilera ireki egin ditu azken hilabeteetan, eta hainbat interesdun azaldu dira haietara, patinaje zaleak gehienbat. Ordurako, erakundeak Javier Labad arkitektoak landutako zirriborroak hobetsi zituen aurkeztutako guztien artean. Azpeitiko skate parkea diseinatu zuen Labadek, baina Azkoitikoa desberdina izan zedin eskatu zion udalak.

Hala, lehenengo batzar irekian, herritarren proposamenak jaso zituzten udaleko arduradunek, eta horiek kontuan hartuta, aldaketak egin zituen zirriborroan Javier Labadek. Baina, bileraren ostean, parkearen eredua aldatzea eskatzen zuen mezu bat jaso zuen udalak. "Harrituta geratu ginen, bilera ondo joan zelako eta aldaketa puntualak bakarrik eskatu zituztelako", adierazi du Arturo Garate Azkoitiko udal arkitektoak. 35 pertsona inguru azaldu ziren lehenengo bilera hartara.

Orduan konturatu ziren udaleko arduradunak patinajearen barruan hainbat modalitate daudela, eta horietan erabiltzen diren skate parkearen diseinuak desberdinak direla. "Mezu hori skater-ek bidali zuten: U itxurako aldapak nahi zituzten, planteatzen genituenak baino itxiagoak. Surfer-ek, aldiz, nahiago dute buelta luzeak ematea. Gure diseinua hortik zihoan", esplikatu du Garatek. Bada, bigarren bilera batean lortu zuten adostasuna modalitate desberdinetan aritzen diren herritarrek eta udalak. Eta, beraz, diseinua egina du Javier Labadek. "Horrekin goaz", berretsi du Garatek.

Aurreikusitakoa betetzen bada, skate parkeak 35x23 metroko neurria izango du; guztira, 800 metro karratuko azalera hartuko du, beraz. Hodiak eta sarbide desberdinak izango ditu, patinajea menderatzen dutenek nahiz beste edozein herritarrek erabiltzeko egokituta. Bestalde, bankuetan, harmailetan eta gisakoetan patinatzen ibiltzen direnentzako elementuak ere jarriko dituzte.

Aurten amaitzeko esperantza

Egun, aurreproiektu fasean dago skate parkearen egitasmoa. Proiektua osatzea litzateke hurrengo pausoa, eta, data ziurrik eman ezin duen arren, Garatek espero du maiatzerako egina izan dezaketela. Hala balitz, ekainean udalaren onespena jasoko luke proiektuak, eta lizitaziora aterako lukete uztaila eta abuztua bitartean. Dena ondo bidean, irailean hasiko lituzkete skate parkea eraikitzeko lanak. "Ea urte bukaerarako martxan egotea posible den", adierazi du udal arkitektoak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide