Azkoitiak bere skate parkea izateko pausoak ematen ari da udala. Duela ia urtebete onartu zituen 2024rako aurrekontuetan jaso zituen inbertsioen zerrendan zegoen kirol azpiegitura hori eraikitzea. Orain, kokapenaren berri eman, proiektuaren zirriborroa prest duela jakinarazi, eta skate parkea eraikitzeko lanen lizitazioari ekin aurretik bilera irekia deitu du erakundeak.
Hain zuzen ere, Oteiza frontoien ondoan eraikiko dute skate parke berria. Kirolgune horren proiektuaren zirriborroa egina du udalak, baina obrak lehiaketara atera aurretik, skate parkearen diseinuaren gainean batzarra deitu du, aipatutako zirriborroa "erabiltzaileekin aztertu eta baloratu nahi" baitu.
Gaur zortzi, azaroaren 11n, izango da bilera hori udaletxeko areto nagusian, 18:30ean. Skate parkearen diseinuaren gaineko batzarrean parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena, azaroaren 8a baino lehen (datorren ostiralerako), 943-85 71 76 telefonora deituta, edo komunikazioa@azkoitia.eus helbidera idatzita.