Azkoitiko Udalak datorren urteko udal aurrekontuak onartu zituen atzo egindako ezohiko osoko bilkuran, EAJren aldeko botoekin eta oposizioko hiru taldeen abstentzioarekin. Horrenbestez, udalak 23.385.136 euroko aurrekontu bateratua izango du 2024an, honako erakunde publiko hauetara bideratuta: Azkoitiko Udalak 18.188.000 euro izango ditu; Zubiaurre Elkarguneak, 1.149.500 euro; eta Azkoitia Lantzen sozietate publikoak, 5.098.136 euro.
Aurtengoa baino ia milioi eta erdi gehiago izango du udalaren aurrekontu propioak hurrengo urtean; %8,5 handiagoa, beraz. Izan ere, hainbat diru sarrera aurreikusten dituzte datorren urterako, eta horietako bat da Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik aurten baino %6,5 euro gehiago jasotzea espero dutela. Horrez gain, 2024ko udal ordenantza fiskaletan hala onartu zuten moduan, Hiri ondasunen gaineko zergari dagokion etxe hutsen gainkarga ezartzeak diru sarrera handiagoa emango dio udalari. Bestalde, aurrekontuaren zenbateko horretara iristeko, 908.000 euroko mailegua jarri dute: "Esan beharra dago udalaren egoera ekonomikoa ona dela, baina egia da ezin dugula ahaztu aurrezte publikoa. Gastu arruntak urtez urte gorantz doaz, eta aurrekontuaren zati handiena pertsonalean, zerbitzuetan eta diru laguntzetan joaten zaigu", azaldu du Ana Azkoitia alkateak.
Agintaldiko aurreneko aurrekontuak izanagatik, oro har aurrekoaren "jarraipena" direla adierazi du alkateak. Haren arabera, udalak "adin eta profil guztietako pertsonen beharrei" erantzun behar die, arreta "bereziki kolektibo ahulenetan" jarrita. "Baina guztiok ondo bizitzeko, enplegua eta formazioa ere behar ditugu, eta nola ez, energia trantsizioa, irisgarritasuna, berdintasuna, euskara edota etxebizitza". Hain zuzen, arlo horien inguruko "politikak indartzea" ahalbidetuko dituzte onartu berri dituzten aurrekontuek.
Inbertsioei dagokienez, hainbat proiektu nabarmendu ditu udalak: Ipintza auzora espaloia eraikitzeko proiektua eta han komun publikoa egitea; eraikin publikoetan eguzki plakak jartzea; Nagusia 80 eraikineko obrak amaitzean udalak beheko lokala erostea; atletismo pista eraikitzeko azterketa egitea; eta skate parkea egitea. Hain zuzen, Hirigintza sailak %13,8ko igoera izango du. Horrez gain, herriko Mugikortasun Plana egitea, ibilgailu elektrikoentzat karga-puntuak gehitzea eta Alde Zaharra suspertzeko diru partidak ere jaso dituzte aurrekontuetan.
Udalaren arabera, sail guztiek izango dute aurtengoa baino aurrekontu handiagoa, eta gehien igoko den departamentua izango da Alkatetzarena: %103ko igoera izango du horrek. Azkoitiaren arabera, bi partidak eragin dute hori: batetik, datorren urtean izango den Azkoitiaren 700. urteurreneko ospakizunetarako 80.000 euro bideratuko dituzte; eta aurrekontu parte hartzaileak egiteko, 100.000 euro.
Udaltzaingoaren aurrekontua, bestalde, %65,35 handituko dute. Hain zuzen, herriko igogailu publikoetan kamerak jarriko dituztela jakinarazi du Azkoitiak, horien "erabilera desegokiak" hala bultzatuta: "Askotan gelditu egiten dituzte, eta irtenbide bakarra kamerak jartzea dela ikusi dugu". Horrez gain, Alde Zaharrera sartzeko eta handik irteteko ere kamera sistema ezarriko dute, egun horretarako dauden piboteak kenduta.
Berdintasun eta prebentzio sailak, berriz, %38,2ko igoera izango du, besteak beste 12.000 euroko diru laguntzak onartu dituztelako derrigortuta ez dauden enpresek berdintasun planak egin ditzaten. Obra eta Zerbitzuen saila, berriz, %12,58 igoko dute, besteak beste, kaleak garbitzeko zerbitzua lizitatzeko milioi bat euro bideratuko dutelako.
Euskarara bideratutako partidak 19.000 euro gehiago igoko dituzte, Euskara sustatzeko ekintza planera 11.000 euro bideratu dituztelako eta ikastaroetako diru laguntzek ere 4.000 euroko igoera izan dutelako. "Ikusten da ikastaroak dohainik jarri ditugunetik AEKn ikasle gehiago dagoela. Hori poztekoa da, eta diru laguntza hauek igo behar badira, igo egingo ditugu". Hezkuntzaren arloan, berriz, 18.000 euroko partida berri bat sortu dute, gazteen buru osasunean laguntzeko psikologo zerbitzua ematea aztertzeko.
Sustapen ekonomikorako arloan, partida guztiak bere horretan mantendu dituzte, baina Iraurgi Berritzen garapen agentziari egin beharreko ekarpena %3 handituko da. Horrez gain, Urola Industrialdeak kapitala handitzea erabaki duela eta, hurrengo urtean 83.000 euroko ekarpena egingo dio udalak hari —Azkoitiko Udalak %8,97ko parte hartzea du sozietate horretan—.
Azkoitia Lantzenek, bi milioi euro gehiago
Udalaren aurrekontu propioaz gain, Zubiaurre Elkarguneak 1.149.500 euroko aurrekontua izatea ere onartu zuten atzo. Udalak hango bi sail kudeatzen ditu: Gazteria eta Kirola. Kirol zerbitzuak "eguneratuta" mantenduko dituzte, eta Masquatrora 550.000 euro bideratuko dituzte. Hain zuzen, datorren urtean amaituko da enpresa horrekin duten kontratuaren luzapena, eta alkateak aurreratu du kudeaketa mota horren inguruan azterketa egin beharko dela, aurrera begirako erabakiak hartzeko.
Azkoitia Lantzenek, bestalde, iaz baino ia bi miloi euro gehiago izango ditu 2024an, Txalon Erreka eta Altamira arteko errepidea egin ahal izateko. Horrez gain, Julio Urkijo etorbidean zegoen Lidl supermerkatua eraitsiko dute.
Hain zuzen, udaleko taldeen artean eztabaida eragin zuen Azkoitia Lantzenen aurrekontuak, sozietate publikoaren afera berriro mahai gainean jarriz. EH Bilduren bozeramaile Asier Altunak salatu zuen EAJ "2006ko proiektua gauzatu nahian" ari dela. Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Bairen bozeramaileak, berriz, adierazi zuen Azkoitia Lantzenek "asko baldintzatzen" duela herritarren "eskarien asebetetzea": "Azken urtean bi milioi eurotik gora jarri ditugu, sozietate anonimo horren bermerako eta sortu zen garai haietan hartu ziren konpromisoei aurre egiteko".
EH Bilduren iritziz, udal gobernua "motz" geratu da aurrekontuetan. Besteak beste, azpimarratu dute udal aurrekontuaren %1,2ra ez dela iristen Euskara sailari dagokiona, eta Alkatetzarako partida %100 igotzea "ulergaitza" dela esan dute, "pertsonalismoan erortzeko arriskua" dagoelako. Horrez gain, berdintasun teknikariak lanaldi osoan egon beharko lukeela adierazi dute, eta hileta zibilak egiteko proiektua aurrekontuetatik kanpo utzi izana gaitzetsi dute —udalak konpromisoen artean txertatu du proiektu hori—. Era berean, koalizioak San Jose egoitza herrigunera jaisteko "konpromiso irmoa" duela berretsi dute, eta horregatik, hara iristeko igogailua jartzeko 600.000 euro gastatzeak "ez du zentzurik" taldearentzat. Dena den, "herria blokeatzeko inongo borondaterik" ez dutela argudiatuta, abstenitu egin da taldea.
Baikorrago agertu da Etxaniz, eta adierazi da "denen artean" osatutako aurrekontuak direla, guztiek egin baitituzte ekarpenak. "Herritarren lehentasunak kontuan hartuz, eskari asko asetzeko beta izango dugula dirudi. Beste urteekin alderatuz, agintaldi hau berezia izango da, udal gobernuak soilik erabakitako aurrekontuak ez baitira izango, oposizioko bi alderdi bozkatuenetako batekin adostu behar baititu proposamen denak". Hain zuzen, Azkoitia Lantzenen gaian izan ezik beste guztietan "zantzu positiboak" ikusten dituztela eta, abstentziora jo du taldeak.
PSE-EEk, bestalde, "deitoratu" egin ditu udal aurrekontuak, hark aurkeztutako hamasei proposamenetatik soilik hiru onartu dituelako udal gobernuak, eta horietako bi partzialki. Janire Igoa bozeramailearen esanetan, EAJk aurkeztutako aurrekontua "ez da nahikoa", eta ez ditu "herriaren benetako beharrak" asetzen. "Azkoitiarentzat galdutako aukera gisa ulertzen dugu EAJren gobernu taldeak talde sozialistaren ekarpenak gehiago kontuan hartu ez izana". Dena den, alderdia aurrekontuetarako "oztopo" ez dela izango azpimarratu du Igoak, eta horregatik erabaki du abstenitzea.
Hona hemen udaleko batzorde bakoitzak 2024an izango duen aurrekontua eta aurtengoaren alderaketa:
- Ogasuna eta pertsonala: 7.088.665 euro (+%7,65).
- Hirigintza: 717.000 euro (+%13,81)
- Kirolak eta festak: 1.314.750 euro (+%3,3)
- Kultura eta gazteria: 1.246.000 euro (+%7,91)
- Hezkuntza eta euskara: 259.000 euro (+%11,28)
- Gizarte ongizatea, berdintasuna, immigrazioa: 1.490.996 euro (+%1,04)
- Berdintasuna eta prebentzioa: 177.000 euro (+%38,28)
- Alkatetza: 302.500 euro (+%103,02)
- Lan eta zerbitzuak: 3.263.150 euro (+%12,58)
- Udaltzaingoa: 83.500 euro (+%65,35)
- Ingurumena: 1.765.753 euro (+%2,6)
- Sustapen ekonomikoa: 479.685 euro (+%3,82)