San Andres jaien muinean murgilduko dira azkoitiarrak

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 28a

Herriko plaza gainezka, iazko San Andres egunean. (Udala)

Musika eta xakea izango dira San Andres bezperako osagai nagusiak. Etzi, ordea, plazako postuetan aurkituko dute herritarrek bezperako ajea gainditzeko errezeta.

Iritsi dira Azkoitian San Andres jaien hirugarren asteko geltokira. Kontzertuak, herri lasterketa, danborrada eta bestelako hamaika hitzordu atzean utzita, herrian jaien muinean murgilduko dira asteburuan. Bihar eta etzi izango da Azkoitian festarako aitzakia. 

Bihar, batetik, Anaitasuna-Kakute xake taldeak antolatutako 30. San Andres Xake Txapelketa jokatuko dute Elkargunean. 10:00etan hasita, 190 xake jokalari inguru ariko dira han nor baino nor gehiago. Euskal Herriko nahiz Espainiako 43 klubetako dozenaka ordezkari hartuko ditu biharko lehiak. Xake txapelketa Elkargunean, eta musika kalean; izan ere, bai goizez, bai arratsaldez musikaz gozatzeko aukera izango da kalean. 10:00etan, Azkoitiko Txalkor txistulari taldeak antolatuta, dultzaineroen kalejira egingo dute. Debako, Hernaniko, Tolosako (Gipuzkoa), Garesko (Nafarroa) eta Azkoitiko dultzaineroak elkartuko ditu hitzorduak. 

Arratsaldean, berriz, disko jartzaileak eta txaranga izango dira aukeran. Batetik, Berdura Plazan, Holz Und Blech jaialdia antolatzen dutenek prestatu duten disko jartzaileen emanaldia izango da; 18:00etatik 22:00etara bitartean, Garai eta Munizzio disko jartzaileak arituko dira han. 18:30ean hasiko da, bestalde, Joselontxos txarangaren kalejira; askotariko doinuekin girotuko dituzte haiek Alde Zaharreko kaleak.

Etzi, egun handia

San Andres eguna ere musikarekin hasiko dute Azkoitian, baina animaliarik gabe. San Andres egunean Ikurrinaren plazan jarri ohi dituzte ikusgai txerriak eta oiloak, baina behien artean zabaldu den dermatosi nodular kutsakorra tarteko, aurten ez da animaliarik izango kalean. Gainera, idi probarik ere ez da izango.

Ordea, festarako aukera handia izango da, beste behin. Aurten ere plaza izango da herritarren festarako bilgune nagusia, hango arkupeetan jarriko dituzte-eta jan-edanerako postuak hainbat eragilek. Izarraitz Lanbide Heziketak, Azkoitia BHIk, Floreaga ikastetxeak, Azpeitiko Ikasberri ikastolak eta Presoen Lagunek jarriko dituzte postuak gauera arte.

09:30ean aterako dira herriko dultzaineroak eta trikitilariak kalera, eta 10:00etan hasiko da Jausoro auzuneko Txuri Urdin elkarteak antolatutako haurren marrazki lehiaketa. Herriko ehunka umek parte hartuko dute lehiaketan, eta haiek herriko txoko eta gune berezienak dotore marrazten saiatuko dira. 12:00etan entregatu beharko dituzte haurrek beren lanak Berdura Plazan, epaimahaiak azter ditzan. Lanik onenak, berriz, 14:00etan sarituko dituzte plazan, eta gero, Etxebeltzen jarriko dituzte ikusgai. 

Dultzaineroei eta trikitilariei Txalkor txistulari taldekoak ere gehituko zaizkie eguerdi aldera. 11:30ean hasita, Mendaroko (Gipuzkoa) eta Azpeitiko txistulariekin batera aterako dira kalera haiek. Musikak kirolari ere egingo dio lekua, ordea. 12:30ean, herri kirol jaialdia izango da plazan, eta 16:00etan, Oteiza pilota elkarteak antolatutako Kontzejupe frontoiko txapelketaren 51. aldiko finalak jokatuko dituzte. Guztira, zazpi final jokatuko dituzte han eskuz binaka. Eguna ixteko, berriz, Joxe Mendizabalek eskainiko du erromeria; 20:00etan hasiko da haren saioa, plazan. 

Jaietan inklusioa sustatzeko, atseden gunea ere egokituko dute Portaleburu aretoan 10:00etatik 15:00etara. Isilik egoteko espazioa izango da hura, zaratak nahiz iskanbilak kalte egiten dieten edota ezintasunen bat duten pertsonei zuzendutakoa. Gunea erabiltzeko beharra dutenek udaletxeko Gizarte Zerbitzuetan eska dezakete lehentasun txartela.

Egitaraua

Hona hemen bihar, zapatua, eta etzi, San Andres eguna, herrian festarako izango den egitaraua:

Bihar, larunbata

  • 10:00. 30. San Andres Xake Txapelketa, Elkargunean.
  • 10:00. Dultzaineroen kalejira.
  • 18:00. DJen emanaldiak, Berdura Plazan.
  • 18:30. Joselontxos txarangaren kalejira.

Etzi, igandea

  • 09:30. Herriko dultzaineroen eta trikitilarien kalejira.
  • 10:00. Marrazki lehiaketa, Txuri Urdin elkarteak antolatuta.
  • 11:00. Herriko trikitilarien kalejira.
  • 11:30. Txalkor txistulari taldearen kalejira, Mendaroko eta Azpeitiko txistulariekin.
  • 12:30. Herri kirol jaialdia, plazan.
  • 14:00. Marrazki lehiaketako sari banaketa, plazan.
  • 16:00. 51. Kontzejupe Sariaren azken partidak Kontzejupean, Oteiza pilota elkarteak antolatuta.
  • 20:00. Joxe Mendizabalekin erromeria, plazan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide