Azkoitiko Anaitasuna-Kakute xake taldeak antolatuta, etzi, zapatua, jokatuko dute 30. San Andres Xake Txapelketa, Elkargunean (10:00). Inoiz baino parte hartzaile gehiago hartuko ditu aurten txapelketak; errekorreko datua izango du aurten herriko xake taldeak antolatutako probak. 180 parte hartzaile baino gehiago arituko dira nor baino nor gehiago, Elkargunean jarriko dituzten mahaietan lehian.
Mikel Almansa epaileak zuzenduko du txapelketa, eta haren aginduetara aritu beharko dute parte hartzaile denek. Azkoitiko xake klubak ez du faboritoen izenik eman, baina jakinarazi du nazioarteko bi maisuk, bi Fide maisuk eta maisu izateko hautagai diren bi lagunek parte hartuko dutela lehian. Guztira, 43 klubetako ordezkariak elkartuko dira Azkoitian. Euskal Herri mailako klubez gain, Espainiakoak ere izango dira, Asturiasko eta Kantabriako lehiakideek ere parte hartuko dute-eta sanandresetako txapelketan.
Ordezkari gehien etxeko taldearenak izango dira, Anaitasuna-Kakute taldekoak; denera, Azkoitiko 26 kidek parte hartuko dute proban. Hondarribia Marlaxka taldeak hamalau ordezkari izango ditu lehian, eta CD Eibar taldeak, hamabi. Emakumeek ere parte hartuko dute txapelketan. Anaitasuna-Kakutek emandako datuaren arabera, aurten hamasei emakume jarriko dira xake taulen aurrean.
Zuzenean ikusteko aukera
Txapelketa jarraitu nahi dutenek izango dute horretarako aukerarik. Aurreneko sei mahaietako partidak zuzenean eskainiko ditu xake klubak Elkarguneko pantaila erraldoian. Dena den, LiveChessCloud, Chess.com eta Lichess.org plataformetan ere zuzenean jarraitu ahal izango dira lehia horiek. Anaitasuna-Kakute taldeak ere bere webgunean emango ditu zuzenekoak. Lehen sei mahaietako partidez gain, Youtuben ere ikusi ahal izango dira lehen bi mahaietako demak.