Animaliarik gabeko sanandresak izango dira aurtengoak

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 26a

Hainbat lagun txerriei begira, 2022ko San Andres egunean. (Anartz Izagirre)

Behien artean zabaldu den dermatosi nodular kutsakorra tarteko, ganadu azokak nahiz animaliekin egiten diren ekitaldiak debekatuta daude urriaren bukaeratik. Ondorioz, Ikurriñaren plazan ez dira txerriak eta oiloak izango datorren igandean. Gainera, debekua indarrean den bitartean, bertan behera utziko dituzte sanandresetako idi probak.

Egun gutxi batzuk ez baino ez dira falta San Andres jaietarako, eta udalak dagoeneko prest du egitaraua. Izango da, baina, nobedaderik aurtengoan; izan ere, San Andres egunean ez da animaliarik izango.

Urtez urte, Ikurriñaren plazan jarri ohi dituzte egun horretan ikusgai oiloak eta txerriak, baina behien artean zabaldu den dermatosi nodular kutsakorra tarteko, ganadu azokak nahiz animaliekin egiten diren ekitaldiak debekatuta daude urriaren bukaeratik. Hain zuzen ere, kutsatzeak saihesteko hartu zuten neurria Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta printzipioz, azaroaren 30era arte –San Andres eguna– izango da neurri hori indarrean, egun hori barne.

Gainera, debekuak indarrean segitzen duen bitartean sanandresetan egin izan dituzten idi probak ere bertan behera geratuko dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide