Atseden gunea egokituko dute San Andres egunez Portaleburu aretoan

Andoni Elduaien

Portaleburu aretoa.

10:00etatik 15:30era bitartean erabili ahal izango dute erakusketa aretoa zaratak edota iskanbilak kalte egiten dieten edota ezintasunen bat duten pertsonek. Horretarako, lehentasun txartela eskatu beharko da udaletxeko Gizarte Zerbitzuetan.

Postuetako musikagatik, kontzertuengatik eta jendetzaren giroagatik, sanandresetan zarata maila altuak sortzen direla eta, atseden gunea egokituko dute San Andres egunean, igandez, Portaleburu erakusketa aretoan. Isilik egoteko espazioa izango da hura, zaratak eta iskanbilak kalte egin edota ezintasunen bat duten pertsonei zuzendutakoa.

Lehentasun txartela duten pertsonek erabili ahalko dute soilik gune hori, 10:00etatik 15:30era bitartean. Txartel hori, hain justu, udaletxeko Gizarte Zerbitzuetan eska daiteke, sail horren ordutegiaren barruan, betiere. Txartelak lehentasunezko eremuak erabiltzeko aukera ematen du, eta baliagarria da, besteak beste, kontzertuetarako eta barraketan ilararik egin beharrik ez izateko ere.

Udalak azaldu duenez, Portaleburu aretoko sarrera-irteerak plazan txosnak jarriko dituzte eragileen artean kudeatuko dituzte. Arduradunak txandakatuz joango dira atseden gunearen erabiltzaileei behar duten laguntza eskaintzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide