Azkoitiko Aitek Automation eta Juaristi enpresetako langileek deituta, protesta jendetsua egin dute gaur, ostirala, Azkoitian. Duela urtebetetik bi lantegi horietan beharginek bizi duten "egoera larria" salatzeko ehunka lagun manifestatu dira herriko kaleetan zehar; herrian aspalditxoan egin den protesta ekitaldirik jendetsuena izan da gaurkoa.
Juaristi eta Aitek SOS zioen pankarta eskuetan, mobilizaziora jo dute langileek, eta asko izan dira haiei babesa emateko manifestazioan parte hartu dutenak. Txistu, oihu eta aldarri artean, ordu erdi inguruko manifestazioa egin dute plazatik abiatuta. Abiapuntu izan duten gunean bertan amaitu dute ibilbidea. Bi lantegiei bizirik eutsi ahal izateko, "apustua eta borroka" egitea eskatu du manifestazioaren amaieran Aitor Sudupe Juaristi lantegiko LABeko ordezkariak. "Egoera hau jasanezina da. Urtebetez jasan dugu; itxoin, itxoin eta itxoin egin dugu finantziazio baten esperoan, baina egoerak okerrera egin du. Nominak ditu zorretan enpresak eta jendeak bajak hartu ditu, besteak beste, antsietateak edota estresak eraginda. Gainera, langileen %40ak ezer kobratu gabe alde egin du enpresatik. Ikusten genuen odoluste handi batean zeudela Juaristi eta Aitek, eta horregatik, zerbait egin behar genuela. Ikusi dugu bazela zerbait egiteko unea", azaldu du hark.
Bi enpresetan aldi baterako lan erregulazio espedientea dute indarrean urte honen amaierara bitartean, baina horrez gain, nominetan atzerapenekin, enpresaren zorrekin eta haren kudeaketa "txarrarekin" jarraitzen dutela salatu dute langileek. Haien arabera, azken hilabeteetan 50 lanpostu galdu dira bi enpresa horietan, eta beste 130 "galtzeko arriskuan" daude gaur-gaurkoz. Hori hala, berehalako konponbidea eskatu dute haiek, eta zuzendaritzari zein erakundeei egoera bideratzeko exijitu diete.
Bi enpresek gerentzia bera partekatzen dute, eta hori hala, nagusiari ere zuzendu zaizkie gaur, bai manifestazioan zehar, bai amaieran emandako adierazpenetan. "Nagusiari mahaian esertzea eskatzen diogu, hitz egitea eta alternatiba erreal bat planteatzea, orain arte egin ez duen bezala". Instituzio mailan lanketa egin dutela ere jakinarazi du Sudupek. "Alderdi politikoekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin dugu. Jaurlaritza prest dago laguntzeko". Hori horrela, Jaurlaritzarekin harremanetan jarraitzea eta Juaristiko nahiz Aitekeko beharginekin batzorde bat eratzea dute xede orain. "Jaurlaritza bitartekari dela nagusia mahaian esertzeko prest agertzen bada, lanketa hortik egiten saiatuko gara".
Urtebetetik gorako gatazka
Makina-erremintaren alorrean lan egiten dute Ugarte industrialdean dagoen Aitek Automation zein Basarte industrialdean dagoen Juaristi lantegiek. Bi enpresek gerentzia partekatzen dute, eta gainera, Aitekek bere lan-bolumen handiena Juaristiri eskaintzen dio.
Bi enpresetako langileek maiatzaren erdialdean 14an jakinarazi zuten beren egoera zein zen; Juaristikoek orduan azaldu zuten beharginek azken lau soldatak kobratu gabe zituztela, eta enpresak hamalau hilabeteetan ez ziela Geroan diru ekarpenik egin, nahiz eta langileei beren nominetatik kendu BGAE horretarako ekarpena. Ondorioz, langileen bizi baldintzak "nabarmen okertu" zirela salatu zuten orduan, eta egoera "jasanezina" zela azpimarratu. Gaur-gaurkoz, 67 langile ditu Juaristi enpresak. Ildo beretik hitz egin zuten Aitekekoek ere, egoera "gogaikarria eta jasanezina" zela salatuz. Aiteken 80 lagunek egiten dute lan.