Makina erremintan jarduten duen Juaristi enpresan aldi baterako lan erregulazio espedientea indarrean dute hilaren 6az geroztik, hango langileen ordezkariek —LABek du ordezkaritza osoa— Gukari jakinarazi diotenez. Sei hilabetez, azarora bitartean, izango da neurria indarrean, eta behargin guztiei eragingo die; neurriaren eraginez, haiek %30eko lanaldia izango dute denbora tarte horretan. Langile batzordeak azaldu duenez, langileen egoera "jasangaitza" bihurtu da azken urteetan.
Azaldu dutenez, Basarte industrialdean dagoen lantegiko beharginek azken lau soldatak kobratu gabe dituzte, eta enpresak hamalau hilebeteetan ez du Geroan diru ekarpenik egin, nahiz eta langileei beren nominetatik kendu dien BGAE horretarako ekarpena. Ondorioz, langileen bizi baldintzak "nabarmen okertu" direla salatu dute, eta bizi duten egoera "jasanezina" dela azpimarratu.
"Arrazoi desberdinen ondorioz eta finantzaketa arazoek eraginda", ekoizpeneko fluxua "desegonkortzen" hasi zen duela pare bat urte, langileen ordezkarien arabera. Haiek adierazi dutenez, denbora tarte honetan Juaristik ezin izan dio egoerari aurre egin, eta testuinguru horretan iritsi dira egungo baldintzetara. Hain zuzen, jakinarazi dute "egoera ulertezin" horren aurrean joan direla lantegian lan erregulazio espedientera.
67 langile ditu egun Juaristi enpresak, eta batzordeak azaldu du haien konpromisoa "argia" dela: "Prest gaude konponbide egokia bilatzeko, baina finantza arazoa konpontzen ez bada, ezingo dugu aurre egin". Egoeraren aurrean, premiazko deia egin die erakundeei —hala nola Eusko Jaurlaritzari, aldundiari eta udalari—, zein zuzendaritzari, egoera "larri honi benetako irtenbidea" eman diezaioten.
Ez da Juaristi aldi baterako lan erregulazio espedientea indarrean duen Azkoitiko enpresa bakarra. Sidenor altzairu enpresako langileak ere egoera horretan dira iaztik, eta Gukak jakin ahal izan duenez, Juaristiren nagusi berarena den Aitek enpresan ere lan erregulazio espedientea ezarriko dute datozen egunetan.