Sidenorreko lan gatazka

Sidenorrek aldi baterako lan erregulazio espedientea luzatzeko akordioa sinatu du CCOO, USO eta UGTrekin

Ane Olaizola 2025ko api. 8a, 09:25

Sidenorren Azkoitiko lantegia. (Andoni Elduaien)

Aldi baterako lan erregulazio espedientea luzatzeko negoziazioen hirugarren bilera egin zuen atzo Sidenorrek enpresa batzordearekin, eta Reinosako eta Azkoitiko lantegiak batuta gehiengoa osatzen duten CCOO, USO eta UGT sindikatuek onartu egin zuten enpresaren azken proposamena; urriaren 31ra arte egongo da indarrean, eta gehienez %35ean ezarriko du.

Sidenorrek aldi baterako lan erregulazio espedientea luzatzeko negoziazioen hirugarren bilera egin zuen atzo enpresa batzordearekin Bilbon, eta neurri hori urriaren 31ra arte luzatzea adostu zuen enpresak CCOO, USO eta UGT sindikatuekin —enpresak hasieran proposatu zuen urtearen amaiera arte luzatu nahi zuela espedientea—. Enpresak jakinarazi duenez, lan erregulazio espedientearen luzapena Azkoitiko eta Reinosako (Espainia) lantegietako langile guztientzat izango da, eta gehienez %35ean ezarriko du, joan zen urteko apirilean abiatutako espedientearen baldintza berberetan.

Zuzendaritzak azaldu du ekoizpen arrazoiek bultzatu dutela iaz indarrean jarritako lan erregulazio espedientea luzatzea, egoerak bere horretan jarraitzen duela argudiatuta. Haren arabera, eskaerak jaitsi egin dira, enpresak lan egiten duen eolikoaren, olio eta gasaren, ibilgailu astunen eta makineriaren eraikuntzaren sektoreak "moteldu" direlako.

"Oreka" bilatzea

Azkoitiko eta Reinosako ordezkari sindikalak bateratuta osatu du beste behin enpresak negoziazio komitea, eta horrenbestez, gehiengoa duten CCOO, USO eta UGT sindikatuen babesarekin sinatu du hark aldi baterako lan erregulazio espedientea. Iaz bezala, ELA eta LAB sindikatuek uko egin diote sinatzeari. Akordioarekin bat egin duten hiru sindikatuek ohar bidez azaldu dutenez, aldi baterako lan erregulazio espedientearen neurri osagarri guztiak mantentzea erabaki dute bi aldeek. Modu horretarako, Azkoitiko lantokian Lan Egokitzapenerako Plana (PAL) berriro sinatzeko aukera izango dute, eta horrek ahalbidetuko luke langile kaltetuek beren soldata gordinaren %96ra iristea. 

Sindikatu horien esanetan, enpresak egindako azken proposamena "zentzuzkoa" da "guztientzat", eta sindikatuek Sidenorren "jardunaren iraunkortasuna" bermatzeko "oreka" bilatu nahi dutela azaldu dute, beti ere "langileen eskubideak eta babes ekonomikoa defendatuz". Kontrara, neurria urte amaierara arte luzatzeko enpresak hasieran egin zuen proposamena errefusatu dute, eta hark azaltzen dituen ekoizpen arrazoiak "eztabaidagarriak" direla uste dute: "Faktore kaltegarriak egon badaude, baina horrek ez du justifikatzen zuzendaritzak proposatzen zuen neurrian dimentsioa". Horrez gain, hiru sindikatuek azaldu dute enpresak ez duela "behar bezala egiaztatu" neurri horrek langileen lan baldintzetan izango lukeen "benetako eragina", ezta enpresaren ekoizpen arazoen eta hark ezarri nahi zuen "muturreko neurriaren arteko proportzionaltasuna" ere.

Hitzarmena "baldintzatu" nahian

Azkoitiko lantegian gehiengoa duten ELAk eta LABek, berriz, ez dute sinatu akordioa. ELAk azaldu duenez, iazko apirilean indarrean jarri zuten aldi baterako lan-erregulazioa Azkoitiko lantegiko hitzarmen kolektiboaren negoziazioa baldintzatzeko saiakera izan zen, eta "beldurraren eta diziplinaren" politikaren barruan kokatu zuen hark neurri hura; oraingo luzapena ere testuinguru horretan kokatu du ELAk, eta "beste urrats bat" dela salatu du: "Neurri hori Azkoitiko batzordeari aurkeztu zitzaion, enpresaren azken eskaintza onartzeko lantegian erreferenduma deitu eta astebetera; bozketa horretan, lantaldearen erdiak baino gutxiagok eman zuen baiezko botoa. Horren ondoren, enpresak hitzarmenaren negoziazioa blokeatu zuen, eta aipatutako aldi baterako lan erregulazio espedientearen luzapena aurkeztu zuen.

Horrez gain, sindikatuak nabarmendu du Sidenorrek 50 milioi euro banatu dituela azken urteetan akziodunen artean, eta Talgo eskuratzeko salerosketa ixteko atarian dagoela, "milioi askoko eragiketa" batean. Txanponaren bestaldean, berriz, langileen egoera dagoela azaldu du hark: "Aldi baterako lan erregulazioaren bidez, Azkoitiko eta Reinosako langileek beren langabezia prestazioa %35era arte gastatu beharko dute urriaren 31ra artean". Horren aurrean, sindikatuak esan du "lanean" jarraituko duela Sidenorreko langileen "bizitza duintzeko", eta "Azkoitiko langileen beharrak" bilduko dituen hitzarmena lortzeko premia berretsi du.

"Gehiengoa errespetatu gabe"

LABek, bere aldetik, gogoratu du enpresak joan zen astean hasi zituela negoziazioak, eta "ia tarterik ez" diola eman bide horri. Era berean, Sidenorrek Azkoitiko gehiengo sindikala "errespetatu gabe" luzatuko du aldi baterako lan erregulazio espedientea, herrian dagoen lantegian ELAk eta LABek dutela gehiengoa gogora ekarrita. "Beraz, iaz bezala, Azkoitian gutxiengoan diren sindikatuek adostuta ezarriko zaigu aldi baterako lan erregulazio espedientea".

Beste hainbat zehaztapen ere egin ditu sindikatu horrek; enpresak azken urtebetean %22ko espedientea ezarri du Azkoitiko lantegian, eta datozen hilabeteetan gehienez %35ean ezarriko duela erabakita, LABek adierazi du Sidenorrek oraindik "tarte handia" duela espedientea are gehiago ezartzeko. 

Horrez gain, azaldu du enpresak espedientearen "xantaia" eginez eta horren barruko Lan Egokitzapenerako Planaren pean negoziatu nahi dituela hitzarmenean adostu beharrekoak, modu horretara langileen lan baldintzak "kaskartuz". Ordea, enpresaren helburua hitzarmena negoziatu gabe uztea dela salatu du LABek, eta argitu du ez dutela onartuko "xantaiarik". 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide