Sidenorreko lan gatazka

Sindikatuekin ados ez jarrita, negoziaketak bertan behera utzi ditu Sidenorrek

Ane Olaizola 2025ko mar. 21a, 13:59

Negoziazio aldia "behin betiko" amaitutzat eman du enpresak, gehiengoa osatzen duten ELA eta LAB sindikatuek uko egin baitiote sinatzeari. Haien "immobilismoa" salatu du Sidenorrek, eta bi sindikatuek, berriz, zuzendaritzari zein CCOO, USO eta UGTri egozten die azken urteetan "eskubideak" galdu izana.

Atzo amaitu zen enpresa hitzarmena berritzeko Sidenorrek mahai gainean jarri zuen azken proposamena onartzeko epea, eta atzo bertan bildu ziren langile batzordea eta enpresa proposamen hori ebazteko. Sidenorrek prentsa ohar batean jakinarazi duenez, aldeek ez dute akordioa onartu, Azkoitiko lantegian gehiengoa duten ELA eta LAB sindikatuek uko egin baitiote sinatzeari, eta ondorioz, negoziazio aldia "behin betiko"  amaitutzat eman du enpresak, hilaren 10ean egin zuten asanbladan enpresak sindikatuei hala ohartarazi bezala.

Bestalde, CCOO, USO eta UGT sindikatuak enpresaren dokumentuaren alde agertu dira, baina azaldu dute horiek ez dutela akordiorik sinatzea ahalbidetzen duen gehiengorik. Ordea, lantegiko langileek egin duten galdeketaren emaitza oinarri hartuta egin dute hiru sindikatu horiek enpresaren proposamena onartzearen alde. Hain zuzen, proposamen hori onartu edo ez erabakitzeko galdeketa egin dute azken egunetan lantegian, eta han parte hartu duten langileen %85 (133 boto) enpresak aurkeztutako azken proposamenaren alde egin dute, baina galdeketa ez da loteslea izan. Izan ere, 283 langile ditu Azkoitiko lantegiak, eta galdeketa loteslea izan zedin, langileen erdiak gehi batek alde bozkatu behar zuen.

Enpresak "une oro negoziatzeko prestutasuna" izan duela azaldu du oharrean, "proposamena zehatzak" egin dituela azpimarratuz. Ordea, negoziazio mahaian ELAk eta LABek erakutsi duten "immobilismoa" salatu dute. "Mahaian hamabost hilabete baino gehiago eserita egon ondoren, benetako negoziazioari uko egin diote, eta lan kostuak %50 igotzea eskatu dute. Horrek arrisku larrian jarriko luke lantegiaren bideragarritasuna eta, beraz, bertan lan egiten duten pertsonen etorkizuna", esan du Sidenorrek.

"Inposaketaren kultura"

ELAk eta LABek, beren aldetik, irakurketa bana plazaratu dute azken egunetan enpresan gertatu denaren inguruan. ELAren esanetan, 2019tik ikuskatutako azken kontu ekonomikoetara arte, Sidenorrek 50 milioi euro banatu ditu akziodunen artean, eta gogoratu du Talgo erostear duela, eta ixtear duela "milioi askoko operazioa". Bien bitartean, "mozkin hori sortzen duten enpresako langileek" duela hamarkada bat baino 80 ordu gehiago sartzen dituzte sindikatuaren arabera, eta urtero "erosahalmena" galtzen dute. "Sidenor da Gipuzkoan soldatak KPIrekin gutxienez igo ez diren metaleko enpresa bakarretakoa", gehitu dute.

Enpresak lan baldintzak "inposaketaren kultura ezarriz" okertu dituela salatu du sindikatu horrek, eta gezurtatu egin du negoziatu egiten duenik: "Alde bakarrez erabakitzen ditu ezarri beharreko baldintzak, eta CCOOk, UGTk eta USOk –azken hauteskunde sindikalak arte gehiengoa zuten enpresa batzordean– sinatu egiten zuten".

Langileenganako presioa "jasanezina" dela salatu du hark, eta horren adibidetzat jo du azken egunetako galdeketa, zeinak ELAk eta LABek uko egin dioten parte hartzeari: "Langileak parte hartzera behartu dira, eta, horrela, guztiak pobretzen dituen hitzarmen berri bat onartzen da. Erreferendumean, langileen erdiek baino gutxiagok eman diote baiezko botoa enpresaren proposamenari, eta batzordean gutxiengoan daudela kontuan hartuta, CCOOk, UGTk eta USOk ez sinatzea erabaki dute".

ELAk adierazi du ez dela "enpresaren xantaian eroriko", eta "taldearen egoerarekin bat datorren hitzarmena" negoziatzen jarraitzearen alde egin du, "galdutako eskubideen zati handi bat" berreskuratuko duena. Ildo horretan, Azkoitiko langileentzat "hertsapen gutxiago eta negoziazio eta errespetu gehiago" eskatu ditu sindikatuak. 

Enpresa, "urduri"

LABek ere enpresaren zein CCOO, UGT eta USOren jarrerak gogor salatu ditu; batetik, azaldu du enpresa "urduri" dabilela ez duelako lortu "langileak nekatzea", eta "antzerkia" egin duela "jendea beldurtu, presioa sartu eta hitzarmenaren negoziazio prozesuari amaiera" emateko. Bestetik, esan du "urteak" direla hiru sindikatu horiek zuzendaritzarekin "eskutik helduta" dabiltzala. Horien arabera ere, azken hamarkadan eskubideak galdu dituzte sindikatu horiek gehiengoa duten lantegietan langileek, enpresarekin sinatutako akordioen ondorioz. Izan ere, 2018ra arte CCOO, UGT eta USOk izan zuten gehiengoa Azkoitiko fabrikan, eta LABek azaldu du hitzarmena beste bost urtez luzatzea erabaki zutela urte hartan, negoziaketa irekita ez egonda ere eta asanbladarik egin gabe. Horrek langileen eskubideak eta lanpostuak "murriztu" zituela azaldu du sindikatuak eta hurrengo langile batzordearen gehiengoaren jarduna "erabat baldintzatu" zuela. "Jarrera garden eta parte-hartzailea irudituko zaionik agian, izango da".

Lantegian egin berri duten galdeketa ere izan du hizpide LABek ere. Hark gogoratu du galdeketa egiteko asanblea deitzeko lortutako sinadurak azaroan bildutakoak direla, eta beste gai-ordena bat zutela. Era berean, sinadura eman zuten langile "asko" hitzarmenetik kanpora daudela azaldu dute, eta beste zenbaitek "presiopean" egin zutela. "Gainera, batzarrean bertan
galde-erreguak egitea ukatu zioten langile guztiei. Izango da hori ere gardena eta demokratikoa dela deritzonen bat", gehitu dute.

Bestalde, aurreratu dute "benetako negoziazio zintzo, serio eta xantaiarik gabearen alde" jarraituko dutela, soilik enpresa batzordearen gehiengoak babestutako proposamenak
eramango dituela asanbleara, eta haren gehiengoaren adostasunarekin bakarrik onartuko dituela.  

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide