Sidenorreko lan gatazka

Sidenorren ultimatumaren erdian, giroa gori-gori

Ane Olaizola 2025ko mar. 19a, 09:39

Sidenorren lantokia, barrutik. (Sidenor)

Sidenorrek "ultimatuma" eman die sindikatuei, eta hamar eguneko epean bere azken proposamena onartu ezean, negozioketak amaituko dituela ohartarazi die. Bihar amaituko da epea. Bestalde, enpresaren proposamenaren alde agertu dira 133 langile, azken egunetan egin duten galdeketa batean. ELAk eta LABek uko egin diote han parte hartzeari, "azpijokoa" egon delakoan.

Sidenor altzairu enpresak gori-gori du giroa, azken asteetan Azkoitiko lantegian izan diren gertaerek are gehiago tenkatu baitute langileen lan gatazka, eta tentsioa bera. Hitzarmena berritzeko negoziatzen jarraitzeko, hilaren 10ean bildu ziren azkenengoz enpresa eta langile batzordea, eta egun horretan aurkeztu zien Sidenorrek sindikatuei azken proposamena. Gukak jakin duenez, gainera, enpresak "ultimatuma" eman zien sindikatuei egun horretan: hamar eguneko epean proposamena onartu ezean, hitzarmenaren negoziaketak bertan behera geratuko direla ohartarazi zien.

Bihar amaituko da enpresak ezarritako epea, eta horren atarian, galdeketa egin dute lantegian, Sidenorren azken proposamena onartu edo ez erabakitzeko. Horrek hautsak gehiago harrotu ditu: UGT, CCOO eta USO sindikatuek ELAren eta LABen jarrera "antidemokratikoa eta oztopatzailea" salatu dute, hiru sindikatu horien arabera, sindikatu abertzaleak "lantaldearen zati handi baten borondatea boikoteatzen saiatu" direlako. ELAk eta LABek, berriz, gezurtatu egin dute hala izan denik; galdeketaren atzean "azpijokoa" egon dela salatu dute, eta uko egin diote parte hartzeari.

Urtebetetik gora iraungita dagoen enpresa hitzarmena berritzeko asmoz hamabost hilabetez negoziatzen aritu ondoren eta "adostasunik ez" zegoela ikusita, "lantegiaren etorkizunaz kezkatuta dagoen langile talde batek" sinadura bilketa abiatu zuela jakinarazi dute UGT, CCOO eta USO sindikatuek ohar bidez. Horien esanetan, Langileen Estatutuan jasota dagoen moduan, galdeketa bat gauzatzeko asanblada egin ahal izateko gutxieneko sinadura kopurua, herena, lortu zuen bilketak, eta horrenbestez, galdeketa jarri zuten abian, lantegiko beharginek erantzun beharreko honako galdera hau zehaztuta: "Ados al zaude enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboaren azken proposamena onartzearekin eta erreferendumaren emaitza loteslea izatearekin enpresa batzordeko sindikatu guztientzat?".

Hiru sindikatuek salatu dute ELAren eta LABen ordezkariek "jarrera onartezina" izan dutela: "Batzarrak lehertzen saiatu dira, langileek proposatutako gai zerrenda errespetatu gabe eta lantaldeak botoa emateko eskubidea erabiltzeari uko eginez. Hasieratik bileren ohiko garapena oztopatu dute, informazioa desitxuratuz eta mezu manipulatzaileak bidaliz, beraien agenda Sidenorreko langileen borondatearen gainetik inposatzeko". Ildo horretan, "galdeketa egiteari uko egiteak oinarrizko eskubideekiko mespretxua" adierazten duela azpimarratu dute, eta jazotakoa lantaldearen erabakia "bahitzeko ahalegin lotsagabea" izan dela deritzote.

Bestalde, agindu dute galdeketak "berme demokratiko guztiak" izan ditzan lan egingo dutela, eta azpimarratu dute "langileek beren etorkizunari eta hitzarmenari buruz erabakitzeko eskubidea" dutela. Joan zen ostiralean eta astelehenean izan zuten langileek galderari erantzuteko aukera, eta sindikatu horien arabera, galdeketan parte hartu duten langileen %85 (133 boto) enpresak aurkeztutako azken proposamenaren alde agertu da. Egun, 283 langile ditu Azkoitiko lantegiak, horien %55ek parte hartu dute galdeketan, baina emaitza ez da loteslea izan, horretarako lantegiko langileen erdiak gehi batek alde bozkatu behar zuelako. 

 

"Aurrez antolatuta"

ELA eta LAB sindikatuek, beren aldetik, gezurtatu egin dute galdeketa "boikoteatu" izana. Asanbladak "errespetatu" dituztela diote, baina uko egin diote galdeketan parte hartzeari, "azpijokoa" egon dela argudiatuz. Batetik, argitu dute sinadura bilketa hori duela lau hilabete egin zela, eta horretarako modua "oldarkorra" izan zela: "Maiz, langile ebentualengana jotzen zuten haiek dokumentua sina zezaten. Behin-behineko langile batek nola esango dio, bada, bere arduradunari ez duela sinatuko? Horiez gain, itunez kanpoko langileak zein langile finkoak ere sentitu dira behartuta". Bestetik, sinadura bilketa hartako eta orain egin duten galdeketako galderak desberdinak direla azaldu dute, eta hori onartezintzat jo dute. "Sinadura bilketan ez zen aipatzen galdeketa egingo zenik, ezta sindikatu guztientzat loteslea izango zenik ere".

Galdeketa gauzatzeko asmoaren atzean UGT, CCOO eta USO zein enpresa bera daudela uste dute ELAk eta LABek, eta horretarako "zantzuak" dituzte: "Sinadura bilketa iazko azaroaren 28an aurkeztu ziguten langileek, eta kasualitatez, orain galdeketara ekarri den galdera bi egun lehenago egin ziguten beste hiru sindikatuek. Hori gutxi ez, eta jakin dugu galdeketak egin dituzten egunetan, soilik hiru sindikatu horietako ordezkariak egon direla mahaietan". Gainera, azaldu dute enpresak azken hilabetean «presa handia» izan duela negoziaketekin aurrera egiteko, eta testuinguru horren barruan kokatu dute jazotakoa. "Martxoaren 10ean egin zigun enpresak bere azken proposamena, eta biharamunean hiru langile etorri zitzaizkigun sinadura bilketaren emaitzarekin galdeketarako asanblada egin behar genuela esanez. Horrek erakusten du sindikatuak eta enpresa antolatuta daudela". Zentzu horretan, egindakoa "inposaketatzat" jo dute.

Era berean, ELAk eta LABek adierazi dute enpresaren azken proposamenak "aldaketa ugari" jasotzen dituela, eta hamar egunean "behar bezala" aztertzeko betarik ez dagoela. Ez dago batzar berrirako deialdirik, eta bi sindikatuek negoziaketetan jarraitzeko "borondate osoa" dute, baina ohartarazi dute enpresaren plataformak "gutxiengo batetik" abiatu behar duela, eta gutxiengo hori lurralde hitzarmena dela; "KPIaren igoeraren %85a dagokigu; iazko igoera %3,22koa litzateke, eta aurtengoa %2,80koa, baina enpresak inongo unean ez du hori errespetatu". 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide