Sidenorrek aldi baterako lan erregulazio espedientea luzatzeko nahia adierazi eta ia astebetera, zuzendaritzak lehen bilera egin zuen atzo enpresa batzordearekin. CCOO, UGT eta USO sindikatuek ohar bidez jakinarazi dutenez, neurria aurtengo abenduaren 31ra arte luzatzeko asmoa azaldu zuen atzo enpresak, eta Azkoitiko eta Reinosako (Espainia) lantegietan jarriko luke indarrean.
Atzoko bileran, gainera, negoziazio bideari hasiera emango dion beharrezko txostena eman zien Sidenorrek sindikatuei. Horien esanetan, aldi baterako lan erregulazio espedientearekin jarraitzeko enpresak dituen arrazoiak jasotzen ditu txostenak, baita datozen hilabeteetarako aurreikusten duen lan karga ere.
Iazko apirilaren 15ean sartu zen indarrean beste sei hilabetez luza zezakeen urtebeteko lan erregulazio espedientea Azkoitiko lantegian, egun batzuk lehenago UGT, CCOO eta USO sindikatuek zuzendaritzarekin akordioa itxi ostean –ELAk eta LABek ez zuten sinatu–. Hain zuzen, duela urtebete egin zuen bezala, enpresak orain ere "ekoizpen arazoak" argudiatu ditu aldi baterako lan erregulazio espedientea luzatzeko; haren arabera, iaz eskaeretan izan zuten beherakada ez du berreskuratu lantegiak, eta beraz, aldi baterako lan erregulazio espedientea mantentzeko "beharra" nabarmendu du.
Behin-behineko egutegia ere helarazi zien sindikatuei atzoko bileran, eta horren arabera, orain arte bezala lantaldearen %60ari eragingo lioke enpresak orain luzatu nahi duen aldi baterako lan erregulazio espedienteak.
Sindikatuek, beren aldetik, enpresari adierazi diote "zehatz-mehatz" aztertuko dutela txostena, eta haren irizpideen zein espedientea luzatzeak ekar ditzakeen ondorioen "jarraipen zehatza" egingo dutela. Hain zuzen, Sidenorrek enpresa batzordearekin egingo dituen datozen bileren berri ere eman dute: datorren ostegunean eta ostiralean bilduko dira berriz.