Juaristikoek bezala, Aitek Automation enpresako langileek ere salatu dute egoera "jasangaitza" dela

Ane Olaizola 2025ko mai. 15a, 16:36

Aitek enpresaren kanpoaldea. (Guka)

Aldi baterako lan erregulazio espedientea ezarriko dute enpresa horretan ere: astelehenean hasita, zortzi hilabete iraungo du. Gerentzia berberarena den Juaristi enpresan bezala, Aiteken ere lau nomina kobratu gabe dituzte, langile batzordeak jakinarazi duenez.

Azkoitiko Aitek Automation enpresan ere aldi baterako lan erregulazio espedientea ezarriko dute datorren astelehenean, eta abenduaren 19ra arte iraungo du neurri horrek, langile batzordeak hedabide honi baieztatu dionez. Produkzio arrazoiek eraginda, %70eko espedientea ezarriko dute han datozen zortzi hilabeteetan.

Juaristi enpresako langile batzordeak atzo jakinarazi zuen enpresa horretan neurri bera ezarri dutela, eta biharamunean, Aitekeko langileen ordezkariek —ELAk lau ordezkari ditu eta LABek bat— beren egoeraren berri eman dute: Juaristik bezala, makina-erremintaren alorrean lan egiten du Aitek Automationek, eta bi enpresek gerentzia partekatzen dute; gainera, Aitekek Juaristiri eskaintzen dio "lan bolumen handiena", bi sindikatu horien esanetan. Hain justu, Aitekeko beharginek Juaristikoen antzeko egoera bizi dutela salatu dute: "Duela zenbait hilabetetatik hona ez digute nonima ordaindu, eta atzeratzen ari dira; dagoeneko lau hilabetetara iritsi gara, eta gainera, langileen artean kobrantzarako diskriminazioak daude". Era berean, Geroari egin beharreko ekarpenei dagokienez, zorra urtebete baino handiagokoa dela jakinarazi dute, eta afera auzibidean dagoela gaineratu.

Hango langileen egoera ere "gogaikarria eta jasanezina" dela azaldu du langile batzordeak, eta "antsietateak eta estresak" eraginda, hainbatek baja hartu behar izan dutela jakinarazi dute, "enpresaburuaren ez-betetze larriagatik kontratua amaitzea eskatzen duten eskaerek erakusten duten bezala". 80 behargin ditu enpresak.

Ekoizpen arrazoiek eraginda, hil honetan aldi baterako lan erregulazio espedientea aurkeztu zuen enpresak, baina langile batzordeak esan du ez dituela ontzat eman zuzendaritzaren arrazoiak. Dena den, "asanbladaren aginduz", lan erregulazio espedientea ez inpugnatzeko akordiora iritsi dira bi aldeak, "hobekuntza, neurri eta ordainketa berme batzuk" mantentzearen truke.

Egoeraren aurrean, langileek publikoki dei egin die zuzendaritzari, "irtenbide urgenteak eta adostutako konpromisoak" gauza ditzan, eta etorkizuneko bideragarritasun plan "erreal" bat egiteko ere galdegin dio. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide