Motorrak berotu ostean, jai giro betean sartzear da herria

Ane Olaizola

Hiru lagun taloak prestatzen, iaz. (Andoni Elduaien)

San Andres eguna ospatuko dute datorren astelehenean, tradizioari gorazarre eginez. Aurrez, xake txapelketak eta musika doinuek hartuko dituzte herriko txokoak.

Sanandresen atariko bi asteburu mamitsuen ostean, astelehenean murgilduko dira jai giro betean Azkoitian. Tradizioari gorazarre eginez, baserritar jantziak soinean dituztela ospatuko dute herritar ugarik San Andres eguna, eta ohiturari eutsiz, ez dute hutsik egingo festa eguneko osagai nagusiek: txorizoak eta taloak.

Aldaketa gutxirekin ospatuko dute udazkeneko festa egun handia Azkoitian beste urte batez, eta eguerdian festazale andana elkartu aurretik aurretik, herriko ikastetxeak zein eragileak goizean goiz hasiko dira plazan txosnak jartzen: batetik, Izarraitz Lanbide Heziketak, Azkoitia BHIk, Floreaga ikastetxeak, Azpeitiko Ikasberri ikastolak eta Presoen Lagunek salduko dute, postu banarekin, jan-edana; eta bestetik, musika doinuek emango diote hasiera jai egunari, dultzaineroek eta trikitilariek eskainiko duten kalejirarekin. 

Horiez gain, goiztiarra izango da Txuri Urdin elkarteak antolatzen duen marrazki lehiaketa ere. 09:00etan elkarteak Jausoron duen egoitzan materiala jaso eta herriko txokoak marrazten aritu ostean, parte hartzaileek 12:00etarako utzi beharko dituzte lanak Berdura Plazan, eta 14:00etan egingo dute sari banaketa. Ohi bezala, saritutako lanak Etxe Beltzen jarriko dituzte gero ikusgai.

Kirolak ere tarte berezia izango du San Andres egunean: batetik, herri kirol erakustaldia egingo dute plazan eguerdian, eta arratsaldean, Kontzejupe pilota txapelketaren finalak jokatuko dituzte udaletxe azpiko frontoian. 

Asteburu betea

San Andres egunaren aurretik ere, ordea, izango da zertaz gozatua herrian, aurrekoetan bezala, ez baita ekitaldirik faltako asteburuan. Esaterako, ehunka xakelari bilduko ditu beste behin Anaitasuna Kakute klubak antolatzen duen lehian; aurten, Gurea pilotalekuan jokatuko dituzte San Andres txapelketako partidak, gaur, 10:00etan hasita. 

Bestetik, San Andres bezperan, askorentzat parranda gaua izan ohi denaren aurretik, bi txarangak herriko txokoak girotuko dituzte eguerdian zein arratsaldean: 12:20ean, Kittu txarangaren txanda izango da, eta 18:30ean, Burrunba elektrotxaranga arduratuko da festazaleak animatzeaz. 

Idi probak, bertan behera

Bestalde, dermatosi nodular kutsakorra dela eta, idi demak bertan behera utzi dituzte antolatzaileek. Abenduaren 1ean, 2an eta 3an ziren jokatzekoak idi probak Gurea frontoiko probalekuan, baina ganaduari eragiten dion gaixotasunaren eraginez, aurten ere ez dituzte jokatuko. "Gaitza agertu zenez gerotik, Bizkaitik Gipuzkoara ganadua mugitzeko oztopoak daude. Hori horrela, Gipuzkoako lau idi parek soilik izango lukete sanandresetako proban lehiatzeko aukera, eta kopuru txikia dela iritzita, ez antolatzea erabaki dugu", azaldu dute antolatzaileek. 

Hona hemen egitarau osoa: 

  • Gaur, larunbata.
    • 10:00. 31. San Andres xake txapelketa, Gurea pilotalekuan.
    • 18:30.Mahastian koblakari emanaldia, Sahatsa dantza taldearen, Iraurgi abesbatzaren eta Azkoitiko Musika Bandaren eskutik.
  • Bihar, igandea
    • 12:30. Kittu txaranga, herriko kaleetan.
    • 18:30. ​​​​​​​Burrunba elektrotxaranga, herriko kaleetan.
  • Azaroak 30, astelehena. San Andres eguna
    • Egun osoan, eskolen eta eragileen jan-edanerako postuak, herriko plazako arkupeetan.
    • 09:00. Marrazki lehiaketaren hasiera.
    • 09:30. Herriko dultzainero eta trikitilarien kalejira.
    • 11:00. Herriko trikitilarien kalejira.
    • 11:30. Txalkor txistulari taldearen kalejira.
    • 12:30. Herri kirol jaialdia, herriko plazan.
    • 14:00. Marrazki lehiaketaren sari banaketa, herriko plazan.
    • 16:00. Kontzejupe pilota txapelketaren finalak, Kontzejupean. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide