Ander Sagarzazu eta Jone Zabaleta izan dira aurtengo Herri Lasterketako azkarrenak

Aitziber Arzallus

Euria goian behean ari zela, hamar kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute proban parte hartu duten 350 kirolariek. Gizonetan, Kepa Urbieta sailkatu da bigarren, eta Ibon Badiola iazko irabazlea hirugarren. Emakumeetan, Rebeca Mariñok eta Garazi Kortak osatu dute podiuma.

Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton taldeak antolatutako Azkoitiko Herri Lasterketak 21. aldia izan du gaurkoa. 350 lagunentzako dortsalak jarri zituen taldeak eskuragai, eta guztiak agortuta jokatu dute gaur proba. Probaren hasieratik bukaerara, korrikalariek euria izan dute bidelagun; sekulako zaparradarik ez du bota, baina aterrunerik ere ez da izan. Dena dela, eguraldi eskasak ez ditu azkoitiarrak beldurtu, eta kirolariek ibilbide guztian entzun ahal izan dituzte animo oihuak. Ander Sagarzazu donostiarra eta Jone Zabaleta azkoitiarra izan dira gaurko irabazleak.

Sagarzazuk ibilbide guztia egin du lasterketaren buruan, baina ez bakarrik, bigarren helmugaratu den Kepa Urbieta zumaiarra orpoz orpo izan baitu ia proba guztian. Azken metroetan estutu, eta orduantxe atera dizkio metro batzuk Sagarzazuk, eta horri esker, Urbieta baino hamahiru segundo lehenago helmugaratu da. Hain zuzen ere, 0.31.35 denbora egin du irabazleak, eta 0.31.48, bigarrenak. Bukaerako marra zeharkatzen hirugarren gizona Ibon Badiola ondarroarra (Bizkaia) izan da, iazko irabazlea. 0.32.05 denbora egin du hark.

Emakumeetan, Jone Zabaleta izan da gaur arratsaldeko bizkorrena, hamar kilometroak 0.37.42 denboran eginda. Azkoitiarrak nagusitasunez lortu du garaipena, bigarren helmugaratu den Rebeca Mariño elizondoarrari (Nafarroa) minutua pasatxoko aldea atera baitio; 0.38.44 denbora egin du hark. Horien bien ondoan podiumeko hirugarren koskara igo dena Garazi Korta gasteiztarra izan da, 0.39.07 denborarekin, eta aipatzekoa da ez dela Azkoitiko lasterketan hirugarren egiten duen lehen aldia.  

Horiez gain, gazteen zein beteranoen mailan aurrena helmugaratu direnak ere saritu dituzte antolatzaileek, maila bakoitzeko gizon eta emakume bana. Gazteetan, Kepa Urbieta zumaiarra izan da gizonik azkarrena, baina sailkapen orokorrean ere bigarren egin duenez eta horri dagokion saria jaso duenez, hurrengoari eman diote gazte mailakoa; hain justu, Eneko Albizu zestoarrari (0.33.37). Gazteen mailako emakume bizkorrena, berriz, Maren Martitegi gernikarra (Bizkaia) izan da (0.45.29). 

Beteranoetan, Ander Sagarzazu izan da helmugako marra zeharkatzen aurreneko gizona, baina sari nagusia jaso duenez, bigarren egin duen Aitor Mimenzari eman diote beteranoen mailakoa; Azpeitian bizi den elorrioarrak (Bizkaia) 0.32.53 denboran osatu du hamar kilometroko ibilbidea. Emakume beteranoetan, Rebeca Mariño izan da gaur arratsaldeko bizkorrena, baina sailkapen orokorrean bigarren egiteagatik saria bazuenez, bigarren helmugaratu den beteranoarentzat izan da saria: Naiara Elola bidaniarrarentzat (0:40:25). 

Lotura honetan ikus daiteke sailkapena osorik.

Ibilbidea

Herriko plazatik irtendakoan, San Martin kalera abiatu dira korrikalariak, eta Jausoro auzuneko Burdinoleta kalea inguratuta, Ibaiondon behera abiatu dira segituan. Ibaiondotik Aizkibel liburutegiaren parera zuzendu dira gero kirolariak, baina Guardia kaleko bidegurutzea hartuta, Ibaiondo kalera itzuli dira atzera.

Itzuli txiki hori eginda, Ibaiondotik Altzibar auzora egingo dute korrika parte hartzaileek. Altzibarko Anaitasuna plazari buelta eman diote aurreneko itzulian —Altzibar plaza inguratuko dute hara egindako bigarren itzulian—. Altzibar atzean utzitakoan, berriro herriko plazaren alboko kaleetara bueltatu dira korrikalariak. San Martin eta Ibaiondo kaleak zeharkatu dituzte aurrena, eta kiroldegiaren aurreko biribilgunera iritsitakoan, ertzain etxerako maldan gora joan dira; beilatokia eta Juin industrialdea utzi dituzte ondoren atzean, Julio Urkixo etorbidera atera aurretik.

Julio Urkixo etorbidera kale horren 40 zenbakiaren pareko bidegurutzetik sartu dira parte hartzaileak; Izpiritu Deunaren kalean —Intsausti jauregiaren alboko kalea— utzi dute etorbidea, Ugarte kalean eta Klara Donea kalean barrena jarraitu beharko baitiote ibilbideari korrikalariek. Plazako helmugara iritsi aurretik, Plazaberri izan dute gainditu beharreko azken zatia.

Iaz, lasterketaren hogeigarren aldian, Ibon Badiola ondarroarra eta Amagoia Iribar oriotarra nagusitu ziren.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide