Joseba Diazek eta Nerea Baenak irabazi dute Azkoitiko Herri Lasterketa

Ihintza Elustondo 2024ko aza. 23a, 21:35

Hamar kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute proban parte hartu duten 350 kirolariek. Gizonetan, Amets Aranberri sailkatu da bigarren, eta Javier Egiguren hirugarren. Emakumeetan, Nerea Urteagak eta Lara Estebanezek osatu dute podiuma.

Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton taldeak antolatutako XIX. Herri Lasterketa jokatuko dute gaur herrian. 350 lagunentzako dortsalak jarri zituen taldeak eskuragai, eta guztiak agortuta jokatu dute gaur proba. Aurtengoan, Joseba Diaz herritarra eta Nerea Baena arrasatearra (Gipuzkoa) gailendu dira. Diaz hasieratik jarri da lasterketaren buruan, eta proba guztian zehar hala jarraitu du. Marka ezartzetik hurbil izan da une batean azkoitiarra, baina azkenean, ez du helburu hori lortu; 30 minutu eta hamazazpi segundo behar izan ditu helmugara iristeko. Baenak, berriz, 37:57 denbora egin du.

Plazan izan ditu probak irteera eta helmuga, baina aurrez hamar kilometroko ohiko ibilbidea osatu behar izan dute parte hartzaileek; bost kilometro eskaseko bi itzuli eman dizkiote ia herri osoa zeharkatu duen zirkuituari. Gizonetan, Diazen atzetik, Amets Aranberri zestoarra helmugaratu da (32:41), eta Javier Egiguren azpeitiarra sailkatu da hirugarren postuan (33:13). Emakumeetan, berriz, Nerea Urteaga zumaiarra sailkatu da bigarren (38:06), eta Lara Estebanez legazpiarra (Gipuzkoa) hirugarren (38:16).

Lotura honetan ikus daiteke sailkapena osorik.

Ibilbidea

Herriko plazatik irtendakoan, San Martin kalera abiatu dira korrikalariak, eta Jausoro auzuneko Burdinoleta kalea inguratuta, Ibaiondon behera abiatu dira segituan. Ibaiondotik Aizkibel liburutegiaren parera zuzendu dira gero kirolariak, baina Guardia kaleko bidegurutzea hartuta, Ibaiondo kalera itzuli dira atzera.

Itzuli txiki hori eginda, Ibaiondotik Altzibar auzora egingo dute korrika parte hartzaileek. Altzibarko Anaitasuna plazari buelta eman diote aurreneko itzulian —Altzibar plaza inguratuko dute hara egindako bigarren itzulian—. Altzibar atzean utzitakoan, berriro herriko plazaren alboko kaleetara bueltatu dira korrikalariak. San Martin eta Ibaiondo kaleak zeharkatu dituzte aurrena, eta kiroldegiaren aurreko biribilgunera iritsitakoan, ertzain etxerako maldan gora joan dira; beilatokia eta Juin industrialdea utzi dituzte ondoren atzean, Julio Urkixo etorbidera atera aurretik.

Julio Urkixo etorbidera kale horren 40 zenbakiaren pareko bidegurutzetik sartu dira parte hartzaileak; Izpiritu Deunaren kalean —Intsausti jauregiaren alboko kalea— utzi dute etorbidea, Ugarte kalean eta Klara Donea kalean barrena jarraitu beharko baitiote ibilbideari korrikalariek. Plazako helmugara iritsi aurretik, Plazaberri izan dute gainditu beharreko azken zatia.

Aitor Mimenza eta Idoia Nogales nagusitu ziren iazko proban. Mimenza Azpeitiko bizilagunak 30 minutu eta 35 segundo behar izan zituen helmugara iristeko. Nogales debarrak, berriz, 37 minutu eta 42 segundoko denbora egin zuen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide