San Andres egunaren abaroan, ia azaroko asteburu denak enplegatuko dituzte aurten festarako Azkoitian. Aurreko zapatuan, bandaren kalejirarekin, San Andres igeriketa sariarekin eta Skaregekasko eta Skabidean taldeek plazan emandako kontzertuekin ireki zuten sanandresen atariko segida luzea. Baina azkoitiar asko bihar hasiko dira benetako festa zantzuak antzematen, San Andres Herri Lasterketarekin zein helduen danborradarekin, besteak beste. Gainera, indar guztiak zapatuan xahutzen ez dituztenek igande goiz-eguerdian ere izango dute jai giroaz gozatzeko aukera.
Herriko plazan, herriko eta inguruetako baserritarrek beren jeneroa jarriko dute salgai azoka berezian: Azkoitiko Ipintzak, Zumetak, Zabaletak eta Balentziagak, Azpeitiko Etxearretak eta Berastegik, eta Elgoibartik Lizasagarrek. Taloak egiten ikasteko tailerrarekin borobilduko dute baserritarren azoka. Eta ondoan, Kontzejupean, urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, ehoziri edo bolillo lanen erakustaldia egiteko elkartuko dira hainbat lagun.
Bizkargi musika eta dantza eskolakoek eta Txalkor txistulari taldekoek, berriz, urteroko kalejirarekin girotuko dute igande eguerdia, Gaztaneneatik abiatuta. Eta Goiko Losan plaza dantzak izango dira, eguerdi partean baita, Arkaitz Allur eta Saioa Lizarralderen Bat Bitan taldearekin.
Dena den, euria egiten badu, baserritarrek arkupeetan jarriko dituzte postuak, eta plaza dantzak Berdura Plazara tokialdatuko dira. Kasu horretan, Bizkargi dantza eta musika eskolaren eta Txalkor elkartearen saioa Elkargunean izango da.