Azkoitiko Musika Bandak Santa Zeziliaren omenezko kalejira egin du gaur, zapatua, herriko kaleetan zehar. Musikaren eta musikarien zaindariaren eguna hilaren 22an da, baina Azkoitian astebete aurreratuta egin dute haren omenezko kalejira, sanandresetako bigarren asteburuarekin bat egiten duelako datorren astean egunak.
Euri tanten eraginez, kalejira egin edo ez zalantzan izan dira musika bandakoak, baina, azkenean, 11:30 inguruan abiatu dira Bizkargi musika eskolaren ataritik. Herriko hainbat kaletatik eta auzotatik igaro dira bandako musikariak, eta Bizkargi musika eta dantza eskolaren atarian amaitu dute ibilbidea, hainbat abesti eskaini eta gero.