Azkoitiko, Azpeitiko eta Bergarako udalek Fray Joseph Echevarria elkartearen eskutik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatutako Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXVII. Zikloa amaituko da bihar, larunbata, eta Bergarako Musika eta Dantza Eskolako ikasleak arduratuko dira aurtengo egitaraua ixteaz. Azkoitiko parrokian izango da emanaldia, 20:00etan hasita.
Danel Fernandez, Eugenio Etxebeste, Asier Juaristi, Elena Laka eta Leo Juaristi organo ikasleak izango dira kontzertua emango dutenak, eta horiek Bach, Balerdi, Marcelo eta Guilmanten obrak interpretatuko dituzte. Organistek ez ezik, txistulariek zein tronpetistek ere parte hartuko dute bi abestitan.
Azken asteetan, hainbat organo kontzertu eskaini dituzte Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundearen parrokian, Loiolako basilikan zein Bergarako San Pedro elizan. Azkoitiko saioei dagokienez, Miriam Hontanak eta Daniel Oiarzabalek eskaini zuten lehen kontzertua, eta ondorengo asteetan izan dira Xabier Urtasun organista eta Olatz Saitua sopranoa batetik, eta Erwan Le Prado organista, bestetik.