Atzo, larunbata, Organo Erromantikoaren Nazioarteko 27. Zikloaren barruko Azkoitiko aurreneko kontzertua hartu zuen Andre Mariaren Jasokundearen parrokiak. Miriam Hontana biolin jotzaileak eta Daniel Oiarzabal organista gasteiztarrak emanaldi paregabea eskaini zuten han, Cavaillé-Coll organoaren eta biolinaren doinuak uztartuz.
Bikoteak hamar obra interpretatu zituen jendaurrean, eta entzuleen harrera beroa jaso zuen errepertorioak. Hain zuzen ere, Antonio Vivaldi, Modest Mussorgski, Camile Saint Saëns, Piotr Ilich Tchaykovsky, Maurice Duruflé, Johannes Brahms eta Ludwin van Beethoven konpositoreen lanak egokitu eta eskaini zituzten Hontanak eta Oyarzabalek, Azkoitiko aurreneko kontzertuari maila gorena emanez.
Organo erromantikoaren nazioarteko zikloko hurrengo emanaldiak datorren asteburuan izango dira. Larunbatean, hilak 9, Katelyn Emerson organista ariko da Loiolako basilikan (19:30); hurrengo egunean, Olatz Saitua sopranoaren eta Xabier Urtasun organistaren txanda izango da Azkoitiko parrokian (20:00), eta igandearekin batera, Bergarako San Pedro eliza Atsuko Takano eta Pablo Marquez organistek hartuko dute (18:30).
(Argazkiak: Urtzi Oteiza)