Bertako altxorrei zukua ateratzera dator Organo Erromantikoaren Nazioarteko 27. Zikloa

Ihintza Elustondo

Sonia Vazquez, Loreto Aramendi, Itziar Urbieta, Maite Usabiaga eta Hector Borge, Azkoitian egin duten aurkezpenaren ostean. (Ihintza Elustondo)

Azkoitian, Azpeitian eta Bergaran hiruna kontzertu izango dira Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloaren barruan, eta Azkoitian organo ikasleek beste emanaldi bat eskainiko dute. Ostiralean izango da lehen saioa, Loiolan; Iraia Bereziartua eta Itziar Urbieta azpeitiarrek irekiko dute zikloa. "Ziklo aberatsa eta erakargarria" antolatzen saiatu dira, eta herritarrak animatu dituzte kontzertuetara. 

Organo Erromantikoaren Nazioarteko 27. Zikloa hastear da. Ohi bezala, inguruotako Cavaille-Coll organoei ikusgarritasuna emateko eta haien balioa aldarrikatzeko antolatu dute jaialdia Azkoitiko, Azpeitiko eta Bergarako udalek Fray Joseph Echevarria elkartearen eskutik eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta Gipuzkoako hiru herri horietan izango dira emanaldiak. Gaur Azkoitiko udaletxean egin duten agerraldian eman dituzte aurtengo edizioaren gaineko xehetasunak. Fray Joseph Echevarria elkarteko Itziar Urbietak eta Loreto Aramendik nahiz zikloan parte hartuko duten herrietako udal ordezkariek parte hartu dute ekitaldian; hain zuzen ere, Sonia Vazquez Azkoitiko Kultura zinegotziak, Maite Usabiaga Bergarako Kultura zinegotziak eta Hector Borge Azpeitiko Kultura teknikariak. 

Urbietak azaldu duenez, bederatzi kontzertu izango dira zikloaren barruan, hiruna herri bakoitzean, eta aurten, hamargarren emanaldi bat ere izango da, organo ikasleek eskainiko dutena. Jaialdiaren bereizgarrietako bat da nazioartekoa dela, eta leku askotako musikariak bertaratuko direla nabarmendu du Urbietak: Japoniakoak, AEBetakoak, Europako hainbat herrialdetakoak eta Euskal Herriko lurralde gehienetakoak; Arabakoak, Bizkaikoak, Gipuzkoakoak, Nafarroakoak... Azkoitiko, Azpeitiko nahiz Bergarako organoak "ederrak" direla esan du Urbietak, eta instrumentuei "ahalik eta zukurik handiena" ateratzen saiatuko direla. Hark dio "mimo handiz" prestatu dutela aurtengo egitaraua, eta era askotako kontzertuak izango direla: organoa soilik joko dutenak, beste instrumentu batzuekin uztartuta, ahotsarekin... "Oso ziklo erakargarria eta aberatsa prestatu dugulakoan gaude", adierazi du. Beren helburua emanaldietara ahalik eta jende gehien bertaratzea dela ere esan du, eta herritarrak animatu ditu saioetara. 

Aurten ezusteko bat ere izan dute: urriaren 17an, AEBetako Stephen Tharp organista zen kontzertua ematekoa Azkoitian, baina, azkenean, ezingo du zikloan parte hartu, eta Frantziako musikari batek ordezkatuko du: Erwan Lepradok. "Cavaille-Coll baten titularra da, eta seguru Azkoitiko organoari ere txispak aterako dizkiola", esanez goraipatu du musikariaren kalitatea Urbietak. 

Lehen emanaldia, ostiralean

Dena prest dago, beraz, jaialdiari ekiteko. Ostiral honetan, urriaren 2an, izango da lehen emanaldia: Iraia Bereziartua eta Itziar Urbieta azpeitiarrek eskainiko dute kontzertua; biolinarekin eta biolarekin ariko da aurrena, eta organoarekin bigarrena. Loiolako basilikan eskainiko dute zuzenekoa, 19:30ean hasita. Azpeitiko emanaldi guztiak ostiraletan izango dira, ordu eta leku berean; beraz, hilaren 9an eta 16an izango dira hurrengoak. 

Azkoitian, berriz, larunbatetan eskainiko dituzte emanaldiak. Larunbat honetan, urriaren 3an, izango da lehen emanaldia: Miriam Hontana biolin jotzaileak eta Daniel Oiarzabal organista gasteiztarrak eskainiko dute kontzertua, parrokian, 20:00etan; Antonio Vivaldi, Modest Mussorgski, Johannes Brahms edo Ludwin van Beethoven konpositoreen obrak interpretatuko dituzte. Hilaren 10ean eta 17an izango dira Azkoitian hurrengo kontzertuak, eta hilaren 24rako emanaldi berezi bat antolatu dute azken saio gisa: Bergarako Musika Eskolako organo ikasleek eskainiko dute, hain zuzen ere. 

Bergaran, igande arratsaldeetan izango dira emanaldiak, 18:30ean hasita. Urriaren 4an, 11n, eta 18an izango dira kontzertuak. Usabiaga Bergarako zinegotziak aipatu du emanaldi guztiak izango direla ederrak, baina batean jarri du arreta berezia; izan ere, urriaren 11n Aitor Garitano herriko tenoreak eskainiko du emanaldia, Mikel Ansola organistarekin batera. 

Udalek kontzertuez gozatzeko deia egin diete herritarrei.

Egitaraua

Hona hemen Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloaren aurtengo egitaraua:

Azpeitia. Loiolako basilikan, 19:30ean. 

  • Urriak 2. Iraia Bereziartua (biolina eta biola) eta Itziar Urbieta (organista).
  • Urriak 9. Katelyn Emerson (organista).
  • Urriak 16. Andrea Strassberger (oboea) eta Maria Magyarova Plsekova (organista).

Azkoitia. Andre Mariaren Jasokundearen parrokian, 20:00etan.

  • Urriak 3. Miriam Hontana (biolina) eta Daniel Oiarzabal (organista).
  • Urriak 10. Olatz Saitua (sopranoa) eta Xabier Urtasun (organista).
  • Urriak 17. Erwan Leprado (organista).
  • Urriak 24. Organo ikasleak. 

Bergara. San Pedro elizan, 18:30ean. 

  • Urriak 4. Duo Concertante Quattro: Atsuko Takano (organista) eta Pablo Marquez (organista). 
  • Urriak 11. Aitor Garitano (tenorea) eta Mikel Ansola (organista).
  • Urriak 18. Jacob Benda (organista). 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide