Ipar Euskal Herriko euskararen egoera izan zuten mintzagai atzo Elkargunean bildu ziren herritarrek, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatu duen Euskola zikloaren hirugarren saioan. Izan ere, Plazara egitasmoko kide den Eneko Gorrik hango egoera soziolinguistikoa azaldu zuen, eta askotariko arloak jorratuz: arnasguneak, erronkak eta irakaspenak, besteak beste. Horrez gain, euskalgintzan aritzen diren eragileen lana ere izan zuen hizpide hark.
Euskola zikloaren barruan, euskararen bueltako hiru hitzaldi eskaini dituzte azken asteetan hainbat adituk; lehen hitzorduan, Ale Goikoetxea UEMAko teknikariak Esnatu dinamika aurkeztu zuen, eta aurreko astean, Garmendiak eta Artolak arnasguneek euskararen berpiztean zer rol hartu behar duten azaldu zuten. Datorren astean itxiko du Maxixatzenek aurtengo programa, Errigoraren proiektuari ahotsa emanez. Hain zuzen, Peru Aranburuk Errigoraren Sustraitik espaziora dokumentala aurkeztuko du hilaren 28an, 18:00etan, Elkarguneko Oteiza aretoan.
Eneko Gorri hitzaldia ematen, hainbat herritarrekin. (Oier Arregi)