Esnatu dinamika aurkeztuta abiatu dute Maxixatzenen Euskola zikloa

Andoni Elduaien

Goikoetxea, atzo, herritarrei azalpenak ematen. (Oier Arregi)

Esnatu dinamikaren nondik norakoak aurkeztu zituen atzo Ale Goikoetxea UEMAko teknikariak. Eremu euskaldunetan euskarak bizi duen egoera iraul dadin, konpromisoak hartzeko deia egin zien hark herritarrei eta eragileei. Datorren asteko saioan, Haritz Garmendia eta Mikel Artola izango dira protagonistak. 

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatuta, atzo, asteazkena, hasi zuten Euskola hitzaldi zikloa. Ale Goikoetxea Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) teknikariak Esnatu dinamika aurkeztu zuen, Oteiza aretoan.

Hitzaldi ziklo horren barruko lehen saioa izan zen atzokoa, eta Goikoetxeak hainbat ohartarazpen egin zituen jendearen aurrean. Hark esan zuen gaur egun bezala jarraituz gero edota ezer aldatzen ez baldin bada, eremu euskaldunetan "atzerakada nabarmena" izango dela euskarari dagokionean. Aurreikuspen horri erantzuteko edota egoera iraultzeko, jarri dute abian UEMAk eta Euskal Herriko hainbat eragilek Esnatu egitasmoa. Era guztietako eragileak, izan herrietakoak edota maila nazionalekoak, ahalduntzea eta eremu euskaldunak bizirik iraun dezan bakoitzak beretik hartu ahal ditzakeen konpromisoak hartzea nahi du UEMAk egitasmo horren bueltan. 

Lehen saioaren ondotik, datorren asteazkenean, hilaren 14an, izango da Euskola zikloaren bigarren hitzaldia, Elkarguneko Oteiza aretoan (18:00). Egun horretan, Haritz Garmendia eta Mikel Artola arituko dira solasean, eta bi lagun horiek Arnasguneak egungo euskalgintzaren diskurtsoetan izeneko hitzaldia aurkeztuko dute. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide