Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), Euskal Herriko beste hainbat eragilerekin batera, Esnatu dinamika jarri du abian aurten. Egungo egitekoarekin jarraituz gero, udalerri euskaldunenetan euskarak atzerantz egingo duela adierazi dute zenbait ikerketak, eta horri erantzuteko zein egoera iraultzeko, Esnatu dinamika jarri dute abian. Herriz herri dauden eragileak ahalduntzea eta eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten eragileek konpromisoak har ditzaten nahi du UEMAk.
Esnatu egitasmoa aurkeztu duzue aurtengo udaberrian. Zer da Esnatu dinamika?
Esnatu dinamika UEMAk udaberrian martxan jarri zuen egitasmoa da. Zenbait ikerketak erakusten dute gaur egun bezala jarraituz gero edota ezer aldatzen ez baldin bada, eremu euskaldunetan atzerakada nabarmena izango dela euskarari dagokionean. Aurreikuspen horri erantzuteko, egoera iraultzeko, arduratik sortutako egitasmoa da Esnatu. Dinamika hau ez du soilik UEMAk jarri abian, beste hainbat eragilek ere bat egin dute. Eta helburu argi bat du: era guztietako eragileak, bai herrietakoak, bai maila nazionalekoak, ahalduntzea eta eremu euskaldunak bizirik iraun dezan bakoitzak beretik hartu ahal ditzakeen konpromisoak hartzea.
Zer testuinguruk edo kezkak bultzatu zaituzte egitasmoa abian jartzera?
UEMAren enkarguz Siadecok egin zuen proiekzio demolinguistikoan oinarritzen da Esnatu dinamika, Nora doa euskara? Euskal Herria 2036 izenekoan, hain justu. Biharko hitzaldian xehetasun gehiagorekin azalduko dugu kontua, baina proiekzio horrek alarma gorria piztu zuen euskalgintzan eta eragile askoren artean. Lehen esan bezala, orain arte moduan jarraituz gero, etorkizun iluna aurreikusten baitzaio euskarari. Egoerari ahalik eta azkarren buelta emateko beharra ikusi genuen, eta orduan, mahai gainean jarri zuen kontua UEMAk. Horretarako, udal eta eragile pila bat ditugu bidelagun, eta bakoitza bere konpromisoak ari da hartzen. Gainera, ez da aldarrikapen hutsal bat; batzuek martxan jarri dituzte konpromisoak dagoeneko, asmoa udalerri euskaldunek bizi dezaketen atzerakada geraraztea baita.
Zein da gaur egungo egoera udalerri euskaldunetan? Azkoitia, esaterako, erasandako arnasgunea izatera igaro da... Zer gertatuko litzateke esnatu ezean?
Siadecok egin zuen proiekzioak hiru ondorio nagusi nabarmentzen ditu euskararen atzerakada ulertzeko. Aldaketa demografikoa handia eta azkarra ari da izaten, eta horri gaur egungo hizkuntza politikarekin ezin diogu erantzun; aldatu egin behar da, egoera desberdina baita. Gainera, euskararen ezagutza goranzko joera hartzen ari bada ere, erabilera ez da maila berean gora egiten ari, eta horrek kezkatu egiten gaitu. Azkenik, haurren eta gazteen artean atzerakada nabarmenak ikusten dira euskarari dagokionean. Hiru ondorio horien eraginez ikusten da euskarak atzera egingo duela, izan Azkoitian edo Azpeitian.
Proiekzio horren arabera, hamar urte barru euskararen arnasgune bete bakar bat bera ere ez da izango Euskal Herrian, eta erasandako arnasguneak, oso gutxi. Arnasguneetan, bakar-bakarrik, 7.000 biztanle biziko dira. Nolanahi ere, ulertu behar da proiekzio bati buruz ari garela hizketan. Orain arte, udalerri euskaldunetan ez da euskarari dagokionean eragin beharrik izan, euskara beti osasuntsu mantendu izan baita. Ordea, datuek kontrakoa diote orain, eta ari gara ikusten arlo horretan ere eragin egin behar dela, beste arloetan besteko indarrarekin edo gehiagorekin, gainera.
Zer helburu lortu nahi ditu UEMAk Esnatu dinamikarekin?
Udalerri euskaldunak ahultzen badira, beste guztiak ere asko ahulduko dira. Gure asmoa da, lehenengo eta behin, herritarrak egoera honen jakitun egitea; izan ere, asko ez dira oraindik jakitun. Behin hori lortuta, eragileak ahalduntzea eta aktibatzea da egitasmoaren helburua.
Esnatzeaz hitz egiten duzuenean, zer da esnatu beharrekoa?
Norbanako edota eragile bakoitzak euskarari dagokionean bere ardura edota erantzukizuna hartzea da dinamikaren helburua. Ez da gauza bera erakunde publiko batek duen ardura edo herritar soil batek duena. Erakunde publikoei hizkuntza politika ausartak martxan jartzea eskatzen diegu, norabide egokian eta eredu izanez. Orain arte egin den guztiak ez du balio aurrerantzean egin behar dena egiteko, egoera aldatu egin da eta. Horregatik, hizkuntza politika desberdinak jarri behar dira indarrean. Zentzu horretan, UEMAk Lurralde Estrategia euskararentzat proposamena aurkeztu zuen otsailean, eta hizkuntza politiken norabidea aldatzea proposatu zuen, lurgune euskaldunarena babestuz eta sendotuz.
Lurgune euskalduna euskararen indarberritzearen hauspoa eta motorra dela ulertzen dugu UEMAn. Horregatik, uste dugu alderdi politikoek eta erakundeek beren ardura dutela, lege babesa artikulatzeko gaitasuna baitute. Udalei ere, neurri apalagoan, badagokie konpromiso zehatzak hartzea, eta horretan gabiltza; izan ere, udalak mozioak onartzen ari dira, hainbat konpromiso zehaztuz. Herritarrek eta herrietako elkarteek, berriz, bakoitzak ahal duenetik egin dezan nahi dugu. Ariketa honen bidez, aurrena, bakoitzak ispilua baliatuta bere buruari begiratzea nahi dugu, eta gero, zer egin daitekeen hausnartzea. Uste dugu beti dagoela zerbait gehiago egiteko aukera, eta esnatze honek hori eskatzen du: bakoitzak bere esparruaren eta arduraren arabera, konpromisoak hartzea. Lan handia egin da euskararen biziberritzean, baina falta zaigu guztiok norabide berean lan egitea, arriskuan dagoen eremu euskalduna arriskutik ateratzeko.
Herriko eragileei egin diezue deialdi berezia biharko.
Eragileak hitzaldira bertaratzea nahi dugu, bertan hobeto ulertuko dute-eta euskararen benetako egoera zein den. Hitzaldia entzun eta gero, eragile bakoitzak bere etxean hausnartzea nahi dugu, eta gero, konpromisoak hartzea. Webgune bat jarri dugu martxan, eta hor ikus daitezke eragileek orain arte hartu dituzten konpromisoak. Denetariko engaiamenduak ari gara jasotzen, hala nola kirol taldeenak, kultur elkarteenak, saltokienak, tabernenak, komunikabideenak... Konpromiso horiei begiratuta argi ikusten da bakoitzak bere esparruan eta ahal duen neurrian hartutako konpromisoak direla.
Dena den, herritarrak edo norbanakoak hitzaldira bertaratzea ere oso garrantzitsua dela deritzogu, ahoz ahokoaren bidez bertan ikusiko dena gero herrian transmititu ahal izateko.
Zerk bereizten du Esnatu dinamika, UEMAk egin izan dituen beste egitasmoetatik?
UEMAk ahalduntzean eta administrazioaren euskalduntzean lan egiten du. Besteak beste, erabilera planak eta hizkuntza proiektuak egiten ditu, hizkuntza irizpideak zehaztu eta arlo desberdinetako kanpainak egin. Esnatu dinamikaren bidez, ordea, UEMAk herritarren eta eragileen kontzientziazioan eragin nahi izan du. Esnatu egitasmoa ez da hezkuntzaren edota administrazioaren esparrura bideratutako proiektu bat; oro har, herrira zabaldutako dinamika bat da. Koska bat harago jo dugu oraingoan, konpromiso zehatzak eskatzen zaizkielako eragileei. Inork ez badu ezer egiten, euskararen etorkizuna benetan iluna izango da. Horregatik, zuzenean eskatu diogu gizarteari bakoitzak beretik konpromisoak har ditzan.