Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Euskola hitzaldi zikloaren barruko bigarren saioa egin zuten atzo, asteazkena, Elkarguneko Oteiza aretoan. Arnasguneen egitekoen inguruko gogoetak plazaratu zituzten Haritz Garmendiak eta Mikel Artolak, Arnasguneak egungo euskalgintzaren diskurtsoetan izeneko hitzaldian. Jende ugari bildu zen Elkarguneko aretoan, bi lagun horien azalpenak entzuteko.
Euskola hitzaldi zikloaren lehen bi saioetan arnasguneak izan dituzte jomugan. Lehen hitzorduan, Ale Goikoetxea UEMAko teknikariak Esnatu dinamika aurkeztu zuen, eta atzo, Garmendiak eta Artolak arnasguneek euskararen berpiztean zer rol hartu behar duten azaldu zuten. "Euskalgintza bidegurutzean dagoela esatea onartuta dagoen honetan, asko hitz egiten da arnasguneek etorkizunean hartuko duten rolez. Arnasguneak funtsezkoak dira, baina euskalgintzan ez dago horren inguruko adostasunik", esan zuen Garmendiak. Haren arabera, arnasguneak izan beharreko zentralitatea "auzitan" dago, baina hizlarien ustez, "ardatz" izan behar du hari lotutako proiektuak.

Jauzia, Ipar Euskal Herrira
Hurrengo asteazkenean egingo dute zikloaren hirugarren saioa. Eneko Gorri Plazara egitasmoko kideak Ipar Euskal Herrian euskarak zer erronka eta irakaspen dituen azalduko du. Aurrez izan diren hitzorduen moduan, asteazkeneko 18:00etan eskainiko du Gorrik hitzaldia, Elkarguneko Oteiza aretoan. Ipar Euskal Herrian euskarak izan duen bilakaeraren inguruko gako nagusiak azaldu ditu soziolinguistak; izan ere, Ipar Euskal Herrian ere euskararekiko ezagutza handitzen ari da gazteen artean eta herritar gehienen jarrera euskara sustatzearen aldekoa da.