Pilotari Eguna 2026

Pilotari Egunak utzitakoak, bideoan

Maialen Etxaniz-Ane Olaizola 2026ko ekainaren 14a

Jendetsua, beroa eta aitortzaz betetakoa izan da hamargarren Pilotari Eguna Azkoitian. Ohiko festa giroan ospatu dute herriko kirolari eskainitako festa, eta lehiak lehia, lagunartea eta pilota izan dira protagonistak. Egunak utzitako irudiekin eta adierazpenekin osatutakoa bideoa da hau. 

Pelotari Eguna ospatu dute Azkoitian hamargarrenez, eta eguraldi ederrak lagunduta, gorriz eta urdinez jantzi da herria. Urtemuga borobila izan da aurtengoa, eta Txulue elkarteko kideek falta direnak nahiz urte luzez pilotaren munduan ekarpena egin dutenak hartu dituzte gogoan. Goizeko partiden ondotik, Urzelaitarren sendiak jaso du eguneko aitortza nagusia. Izan ere, pilotaren eta euskal kulturaren alde urzelaitarrek egindako ekarpena goraipatu dute antolatzaileek, eta horrrenbestez Tegi Urzelaik izan du ohorezko pilotakada ateratzeko parada. Herritarren txalo artean, Joxan Mendizabalen aurrezkuarekin eta Suhar Gesalagaren bertsoekin borobildu dute ekitaldia, baina ez da une hunkigarri bakarra izan. Izan ere, ohorezko xakearen aurretik, gogoan izan dute otsailean hil zen Carlos Arrizabalaga Xapatero. Aurtengoa izan da Xapatero gabeko aurreneko Pilotari Eguna, eta hari eskainitako testua irakurri dute antolatzaileek, senideei omenaldia egitearekin batera. 

Goizean, goi mailako emakumeen zein gizonen partidez gozatzeko aukera izan dute herritarrek. Partidak ikusteaz gain, Azkoitiko erraldoi txikiak erosteko aukera ere izan dute.

Arratsaldean jarraitu zuen festak, Alironarekin eta binakako finalekin. Lehiak lehia, festa giroa nagusitu da beste urte batez Kontzejupean, eta pilota izan da protagonista nagusia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide