Pilota Goxoko Gipuzkoako Txapelketa irabazi du Iñaki Iparragirrek

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 12a

Iparragirre, goian, eskuinean, txapela buruan duela. (GEPF)

Urbieta-Karrera bikoteari 16-11 irabazita jantzi zuen txapela Iparragirrek Aranbururekin batera. Aurrez, Azkoitiko beste talde baten aritu behar izan zuten finalerdian. Donostiako Trinitate plazako frontoian jokatu zuten txapelketaren azken fasea.

Iñaki Iparragirre Azkoitiko bizilagunak I. Pilota Goxoko Gipuzkoako Txapelketa irabazi du. Joxemai Aranburu Azpeitiko bizilagunarekin osatu du hark bikotea txapelketan, eta haiek zapatuan jantzi zuten txapela, Donostiako Trinitate plazako frontoian irabazita. 

Finalera sailkatu aurretik, finalerdia jokatu zuten Aranburuk eta Iparragirrek frontoi hartan bertan. Gainera, Azkoitiko beste bikote baten aurka aritu ziren orduan; Larrañaga, Garate eta Zubizarreta izan zituzten kontrario, eta txapeldunak 16-3 gailendu ziren haien aurka. Bigarren finalerdian, berriz, Arrieta-Gorostidi eta Urbieta-Karrera bikoteak aritu ziren nor baino nor gehiago, eta azken horiek 7-16 irabazi zuten. Hori hala, Aranburuk eta Iparragirrek Urbietaren eta Karreraren aurka jokatu behar izan zuten finala, eta 16-11 nagusitu ziren. 

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) antolatutako txapelketa otsailaren erdialdean hasi zuten Donostiako Antiguan, baina Azkoitiko Kontzejupean, Zizurkilgo zimitorioan eta Oiartzungo Kontzejupean ere jokatu dituzte aurreneko faseko partidak. Hain justu, Aranburu eta Iparragirre nagusitu ziren Azkoitian jokatutako txapelketan. Lau gune horietan jokatutako txapelketak aintzat hartuta puntu gehien lortu zituzten lau talde sailkatu ziren bigarren eta azken fasera, eta joan den zapatuan jokatu zituzten azken partidak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide