Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) Pilota Goxoko Gipuzkoako Txapelketa-Bidegain Saria antolatu du. Gipuzkoako frontoi enblematikoenetan jokatuko dituzte eskuz binakako txapelketa horren partidak, tartean Azkoitiko Kontzejupean. Urtarrila eta maiatza artean jokatuko dute txapelketa, eta federazioak aurreratu duenez, dagoeneko zabaldu dute izena emateko epea.
Pilota aisialdian jokatzeari balioa eman nahian, txapelketa ofiziala eta herrikoia "era txukunean" berrantolatzea erabaki du pilota federazioak. "Duela 15 edo 20 urte antolatu zuten halako txapelketa bat, baina, herriko frontoietan. Orain, txapelketa hori moldatu nahi izan dugu, frontoi bereziei balioa eman nahian", azaldu du Iñaki Lizaso GEPFeko presidenteak. Lehiaketa sistema eta egutegia izena emandako bikoteen arabera antolatuko du federazioak. Nolanahi ere, lehen fasean txapelketa herrika antolatzea da antolatzaileen asmoa. "Lehen fasean, txapelketa estanko batzuk antolatuko ditugu, hau da, herri batean eta bizpahiru asteburutan hasi eta bukatuko dira", adierazi du Lizasok.
Azkoitiko Kontzejupetik harago, txapelketa Gipuzkoako beste hiru pilotaleku berezitan jokatuko dute, hala nola, Antiguako pilotalekuan, Oiartzungo Kontzejupean eta Zizurkilgo zimitorioan. Hain justu, herrika jokatuko diren txapelketa horietan banatuko dituzte txapelketaren azken faserako puntuak, eta puntu gehien pilatutako lau talde baino ez dira sailkatuko txapelketaren azken fasera, Gipuzkoako Txapelketa izango denera. Oraindik erabakitzeko du pilota federazioak azken fase hori zein pilotalekutan jokatuko duten.
Pilota goxo pisudunarekin jokatuko dituzte txapelketa barruko partida guztiak, eta materiala antolakuntzak jarriko du. Gainera, parte hartzaileek galtza zuriak eraman beharko dituzte soinean partida egunetan, baita antolakuntzak jarritako kamisetak ere.
Izen ematea, zabalik
Gipuzkoako pilota klub batean pilotari federatu lizentzia dutenek eta Gipuzkoan erroldatuta baina federatu gabe daudenek parte hartu ahal izango dute txapelketa berri horretan. Dena den, lehiak iraun bitartean, pilotan federatuek ezingo dute beste lehiaketa ofizialetan parte hartu, pasakakoan eta Gipuzkoako Herriartekoan izan ezik. Federatu gabeei, berriz, doako istripu asegurua egingo die federazioak.
Eskuz binakako txapelketa den arren, hiru lagunek eman ahal izango dute izena. Federazioak adierazi duenez, izena emanda dauden hiru lagun horien artean jokatu beharko dituzte txapelketako partida guztiak; alegia, izena eman ez dutenek ezingo dute beste inor ordezkatu. 18 urtetik gorako neska-mutilek har dezakete txapelketa bakarrean, eta horretarako, lehiaketa.pilota@kirolak.net helbidera bidali beharko da pilotari federazioaren inprimaki hau. Herriko pilota klubaren bidez egin daiteke izen ematea, baina norbanakoek ere badute horretarako aukera. Urtarrilaren 16a da izena emateko azken eguna.