Pilota goxoko Gipuzkoako Txapelketak Azkoitian egin du gaur geldialdia, Azkoitiari dagokion jardunaldia jokatuko baitute gaur eta bihar. Guztira, zortzi bikotek parte hartuko dute Kontzejupean, eta goizean zehar han elkartu direnek aurreneko norgehiagokez gozatzeko aukera izan dute. 10:30ean hasi da Azkoitiko txapelketa, Larrañaga-Zubizarreta eta Arrieta-Gorostidi bikoteen partidarekin.
Gaur, ligaxkako partidak jokatuko dituzte, eta bihar finalerdiak nahiz finala izango dira. Bi multzotan banatuko dute asteburuko txapelketa, eta multzo bakoitzeko onenak, besteko bigarrenaren aurka jokatu beharko du igandean finalerdia. Bi finalerdietako irabazleek, berriz, biharko 12:30ean jokatuko dute Azkoitiko final nagusia.
Joan den otsailaren 21-22 asteburuan Donostian hasi zuen Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) Pilota goxoko Gipuzkoako Txapelketa, eta lehen fasea Gipuzkoako lau pilotaleku berezitan ari dira jokatzen. Donostiako Antiguako eta Azkoitiko hitzorduen ondoren, Zizurkilgo zimitorioan (martxoak 28-29) eta Oiartzungo Kontzejupean (apirilak 18-19) jokatuko dituzte hurrengo lehiak. Lau herrietako txapelketak aintzat hartuta puntu gehien lortzen dituzten lau talde sailkatuko dira bigarren eta azken fasera. Maiatzean jokatuko dute hurrengo fase hori, baina federazioak oraindik zehazteko ditu eguna eta egoitza.