Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren eskutik (GEPF), pilota goxoko Gipuzkoako Txapelketaren barruko Azkoitiko lehiak hartu du Kontzejupea bi egunez, eta atzotik hainbat partida jokatu ostean, gaur eguerdian izan dira finalak udaletxe azpiko pilotaleku horretan: Iparragirre-Aranburu eta Larrañaga-Zubizarreta bikoteek jokatu dute finala, eta aurreneko bikotea nagusitu da. Lehia estuaren ondotik, 16-13 amaitu dute pilotariek.
Atzo goizean hasi zen Gipuzkoako Txapelketaren barruan jokatu duten Azkoitiko jardunaldia, ligaxka erako partidekin. Bi multzotan banatuta, guztira, zortzi bikotek parte hartu dute, eta multzo bakoitzeko onenak, besteko bigarrenaren aurka jokatu dituzte gaur finalerdiak. Horien ondotik, eguerdian finalera sailkatu dira Iparragirre-Aranburu eta Larrañaga-Zubizarreta bikoteak, eta dozenaka zaleren aurrean jokatu dute horiek partida erabakigarria.
Joan den otsailaren 21-22 asteburuan Donostian hasi zuen Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) Pilota goxoko Gipuzkoako Txapelketa, eta lehen fasea Gipuzkoako lau pilotaleku berezitan ari dira jokatzen. Donostiako Antiguako eta Azkoitiko hitzorduen ondoren, Zizurkilgo zimitorioan (martxoak 28-29) eta Oiartzungo Kontzejupean (apirilak 18-19) jokatuko dituzte hurrengo lehiak. Lau herrietako txapelketak aintzat hartuta puntu gehien lortzen dituzten lau talde sailkatuko dira bigarren eta azken fasera. Maiatzean jokatuko dute hurrengo fase hori, baina federazioak oraindik zehazteko ditu eguna eta egoitza.