Sidenorreko lan gatazka

Sidenorreko 36 langileren lekualdatzea negoziatzen hasiko dira ostiralean

Ane Olaizola 2026ko martxoaren 10a

Sidenor Azkoitia. (Andoni Elduaien)

Sidenorrek Azkoitiko laminazio trena itxiko duela eta 36 langile Reinosara lekualdatuko iragarri ondoren, zuzendaritzak eta Azkoitiko langile batzordeak ostiralean hasiko dute negoziazio aldia. Egoeraren aurrean, sindikatuek erakundeei dei egin die Azkoitiko lanpostuen etorkizuna bermatzeko aferan esku har dezaten. 

Sidenorreko zuzendaritza eta Azkoitiko langile batzordea ostiralean bilduko dira enpresak joan zen astean iragarri zuen 36 langileren lekualdatzea negoziatzen hasteko, LABek hedabide honi jakinarazi dionez. Azkoitiko lantegian bertan egingo dute negoziaketa aldia irekiko duen aurreneko bilera hori, eta orduan zehaztuko dituzte datozenak ere; sindikatuaren arabera, gutxienez bi aste iraun behar izaten dute halako prozesuek. 

Altzairu enpresak ostegunean jakinarazi zuen hark Azkoitian duen lantegiko 250 beharginetatik 36 Reinosako lantegira (Espainia) lekualdatu nahi dituela, altzairuaren laminazio trenen ekoizpena bateratzeko erabakia hartu duelako. "Merkatuaren egoerak" bultzatuta, Azkoitiko laminazio trena itxiko du Sidenorrek, eta Reinosara eramango ditu Azkoitiko lantegiko 36 behargin.

Enpresaren azken erabakia salatzeko zein hitzarmen "duina" aldarrikatzeko, manifestazioa egin zuten joan zen larunbatean ELA eta LAB sindikatuek herrian, eta orduan adierazi zuten ez dutela onartuko Tren Handiaren Azkoitiko ekoizpena geratzerik, ezta kaleratzerik ere. Izan ere, bi sindikatuen ustez "isilpeko kaleratzeak" dira 36 langileen lekualdatzeak, eta Azkoitiko lantegi osoa jarriko luke "arriskuan". Horrez gain, azpimarratu zuten enpresaren erabakiak ez diela 36 langileri soilik eragingo, baita haien familiei zein Azkoitiko gainerako langileei ere. 

LABek ohar bidez adierazi duenez, hain zuzen, ekoizpena ixteak "nahita ezean" jarriko luke "lantegi osoaren etorkizuna kolokan". Hain zuzen, Sidenorren azken pauso hori lan hitzarmena berritzeko negoziazioaren barruko mehatxutzat jo du, eta Azkoitiko lantegiaren "abandonatzearen" testuinguruan kokatu du.

Haren ustez ustetan, Sidenor Azkoitia "hiltzen" uzten ari da, gogora ekarrita azken urteetan lantegi horretan 200 lanpostu inguru galdu dituela eta langileei "eskubideak murriztu" dizkiela. LABentzat, "nabarmena" da ez dagoela "etorkizun bermatuko duen plangintzarik" Azkoitian. "Testuinguru horretan ulertu behar da Sidenorreko zuzendaritzak eman duen azkenengo pausoa".

Alabaina, sindikatuak adierazi du enpresak ez duela lortuko negoziaziorako duten "borondatea bertan behera" uzterik, eta lanpostuak indartzeko zein Azkoitiko lantegiak etorkizuna izateko "borrokan" jarraituko duela. 

Erakundeei esku hartzeko deia

Egoeraren aurrean, Azkoitiko langileen batzordeak bilerak eskatu dizkie erakundeei: Azkoitiko Udalarekin ostiralean elkartuko dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari zein Eusko Jaurlaritzari ere egin die eskaera. Izan ere, sindikatuen ustez, erakundeek "inplikatzeko beharra" dute Azkoitiko lanpostuen etorkizuna bermatzeko, "beste aldera begiratu gabe". LABek ohar bidez azaldu duenez, erakundeek orain arte "eraginkorrak" izan ez diren politikak aldatu beharra daukate, eta gaineratu dute haiek ere Sidenor taldeko nagusi Jose Antonio Jainagari "exijitu" beharko liekeela "bertako lanpostuen defentsa".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide