Sahatsari eskainitako karrozarekin iritsiko da Azkoitiko haurren danborrada apirilaren 11n

Maialen Etxaniz 2026ko martxoaren 4a

Tata eta Umore Ona elkarteetako kideak nahiz Azkoitiko Udaleko ordezkariak, atzoko aurkezpenean. (Maialen Etxaniz)

Igandean, martxoaren 8an, itxiko dute haurren danborradan izena emateko epea, eta entseguak martxoaren 16an hasiko dira. Zuzendari, kantinera edo banderadun atera nahi duten haurren kasuan zozketa egingo dute, baina lehentasuna izango dute orain arte sekula atera ez direnek. Sahatsa dantza taldeari eskainiko diote karroza, aurten 50 urte beteko baititu talde horrek.

Apirilaren 11n, larunbatez, iritsiko da aurten haurren danborrada Azkoitira. Tata eta Umore Ona taldeetako kideak dagoeneko hasi dira hitzordurako prestaketa lanekin, eta jakinarazi dituzte haurren danborradaren 61. aldiaren inguruko xehetasunak. Atzo egin zuten aurkezpena Oteiza pilotalekuetan, eta han izan ziren Tata danborrada elkarteko eta Umore Ona soziedadeko kide eta boluntarioak nahiz Azkoitiko Udaleko ordezkariak. 

Dagoeneko irekita dago 2026ko haurren danborradan parte hartzeko izen-ematea, eta martxoaren 8an, igandean, itxiko dute horretarako epea. Egitasmoaren antolatzaileek ikastetxeetako online plataformen bidez bidali duten formularioa beteta egin beharko dute izen-ematea jaian parte hartu nahi duten umeek. Iaz bezala, aurten ere HH5etik DBH2ra arteko haurrek parte hartu ahal izango dute danborren festan. Guztira, 280 bat haur aterako dira danbor festan, Azkoitiko kaleak musikaz eta kolorez betez. 

Ibilbideari eta taldeei edo jantziei dagokienez, ez da berrikuntzarik izango. Lehengo urteko ibilbide bera egingo du danborradak: plazatik aterako dira danborjoleak, Balda plazara jaitsiko dira eta bertan geldialdia egingo dute. Handik, Ibaiondo kaletik eliz atarira joango dira eta handik plazara. Plazan beste geldialdi bat egingo dute, eta handik Umore Ona soziedadearen parera joango dira, bertan merienda egiteko. Sabelak bete ondoren, Gurea Frontoira joango dira, eta han bukatuko da danborrada.

Zuzendari eta kantinera edo banderadun atera nahi dutenen kasuan, zozketa egingo dute, baina lehentasuna izango dute orain arte sekula atera ez direnek. Iaz hartu zuten horretarako erabakia, hau da, zozketa urtero egitekoa, "ume gehiagori zuzendari gisa ateratzeko aukera emateko". Beraz, sekula atera ez diren umeek izango dute lehentasuna beti. Gainera, zuzendari atera behar duten umeek entsegu guztietara joateko konpromisoa hartu beharko dute. Kantinerekin ere berdin egingo dute. Beraz, lehengo urtean kantinera atera zirenek ezingo dute aurtengo zozketan parte hartu, eta aurreko urteren batean atera badira eta apuntatzen badira, sekula atera ez diren umeek izango dute lehentasuna beti.

Danborradako taldeetan zuzendari aterako diren haurrak LH4tik gorakoak izango dira, eta horien zozketa aurreneko entseguan egingo dute. 

Karroza, Sahatsari eskainita

Berrikuntza ez, baina beti izaten da nobedadea haurren danborradako karroza. Aurten, Sahatsa dantza taldeari eskainiko diote, Sahatsak 50 urte betetzen baititu. Urtemuga borobilaren aitzakian eskainiko diote karroza Azkoiti-Azpeitiko taldeari. Joxan Mendizabal Tata elkarteko kidearen hitzetan, "urte luzez euskal kulturaren transmisioan egindako ekarpena" eskertzeko egingo dute karroza Sahatsaren omenez: "Urrestillan sortu zuten Sahatsa duela 50 urte, eta orduz geroztik Azkoitian zein Azpeitian nahiz Euskal Herrian euskal dantzak eta folklorea bizirik mantentzearen alde aritu da". Horrenbestez, karrozan aterako diren LH1eko haurrak dantzariz jantzita joango dira, baina karrozari lotutako bestelako xehetasunik ez zuten aurreratu atzokoan.

Sustatzaileek danborradako materiala berritzeko erabakia hartu dute aurten; izan ere, danbor eta barrika batzuk zaharberrituko dituzte, eta "itxuraberrituta" ikusi ahal izango dira danborradaren egunean. 

Entseguak, zozketak eta arropa banaketa

Entseguak martxoaren 16an, astelehenean, hasiko dira. Ordubeteko saioak egingo dituzte Gurea pilotalekuan, 19:00etatik 20:00etara. Aurten, jai egunak daudenez tartean, ez dute astero entsegu kopuru bera egingo. Hauek izango dira entsegu egunak:

  • Martxoak 16, astelehena.
  • Martxoak 18, asteazkena.
  • Martxoak 23, astelehena.
  • Martxoak 25, asteazkena.
  • Martxoak 26, osteguna.
  • Martxoak 30, astelehena.
  • Apirilak 8, asteazkena.
  • Apirilak 9, osteguna.

LH1eko haurren arropa banaketa eta karrozan aterako diren umeen zozketa martxoaren 23an, astelehenez, egingo dituzte. LH2tik DBH2rarteko haurren arropa banaketa, berriz, martxoaren 25ean, asteazkenean, egingo dute, entseguan bertan.

Danborra edo barrika jotzen atera behar duten haurrei entsegu egunetan nahiz danborrada egunean gerrikoak eramateko dei egin diete antolatzaileek. 

Urtemugaren ostean, festaz gozatzeko gogoz

Iaz 60 urte bete zituen Azkoitiko haurren danborradak, eta urtemuga potoloaren harira, hainbat aitortza jaso zituzten Umore Onako eta Tata elkarteetako ordekariek; izan ere, aukera izan zuten, besteak beste, San Joan gauean sua piztekoa, baita Azkoitiko danborradari eskainitako dokumentala egitekoa ere. Urteurrena, ordea, ezohiko eran ospatu behar izan zuten 60. danborradaren egunean bertan, euria tarteko ezin izan baitzuten ibilbide osoa egin. Ondorioz, Gurea pilotalekuan borobildu zuten festa.

Umore Ona elkarteak sortu zuen umeen danborrada, elkartea sortu zutela 25 urte bete zirenean. Hain zuzen ere, 1965. urtean egin zuten Azkoitian umeek lehenengo danborrada, eta urte batzuetan, egiten zen data tarteko gainbehera izan bazuen ere, bizi-bizirik dago egitasmoa. Zehazki, 2013an erabaki zuten Umore Ona elkarteak eta Azkoitiko Udalak danborrada astebete atzeratzea –ordura arte Pazko igandez egiten zuten–. Ordutik egin du euririk, ordea, eta hainbat jantzi berri egin dituzte danborradarako, hala nola abarketagileenak, pilotarienak eta zalduntxoenak. 2022an Tata danborrada elkartea sortu zuten urte luzez Azkoitiko haurren zein helduen danborrada antolatzeko lanetan aritu ziren boluntarioek

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide