Herriko bi danborradak antolatzen jarraitzeko, Tata danborrada elkartea sortu dute

Andoni Elduaien 2022ko api. 1a, 10:19

Tata danborrada elkarteko kideak, atzo, Oteiza frontoietan.

Apirilaren 23an izango den haurren danborradako parte hartzea sustatu asmoz, atzo, osteguna, aurkeztu zuten 2022. urteko Azkoitiko haurren danborrada. Izen-ematea irekita dago umeentzat, eta parte hartu nahi dutenek entsegu egunetan arduradunei jakinarazi beharko diete beraien izena. Haurren danborrada aurkeztearekin batera, Tata danborrada elkartearen berri ere eman zuten. Sortu berri den elkarteak antolatuko ditu aurrentzean Azkoitiko bi danborradak.

Azkoitiko helduen zein haurren danborradak herriko hainbat taldek eta elkartek antolatu izan dituzte historian zehar. Bi danborrada horietan parte hartzen duten boluntarioen lanari esker atera dituzte bi festak aurrera, eta orain, danborrada elkartea sortzea erabaki dute azken urteetan boluntario lanak egin dituzten lagun horiek guztiek. Hain zuzen ere, Tata danborrada elkartea sortu dute. Elkarteari izen hori eman diote, Jesus Arrizabalaga Tata udaleko kultur teknikariak danborrada antolatzeko egin duen lana eskertzeko; izan ere, hark danborradaren alde "lan handia" egin duela uste dute Tata elkarteko kideek, jaiaren sasoirik "onenak zein txarrenak" igaroz.

Dozena bat lagunek osatzen dute elkartea, eta horiek guztiek azken urteetako lanari eutsi nahi diote aurrerantzean ere. "Auzolanean atera nahi ditugu aurrera bi egunak. Kide batzuk ohikoak gara bi danborradetan, baina beste talde edo elkarte batzuen laguntza ere jasotzen dugu", azaldu zuen Inazio Odriozola Munateik. Horren bueltan, nabarmendu zuten entsegu egunetan laguntzen ez duten elkarteek danborrada egunetan laguntzen jarraituko dutela.

Apirilaren 23ko haurren danborrada da Tata elkarteko kideek begiz jota duten lehen eguna. 17:00etan abiatuko dira parte hartzaile guztiak Balda plazatik –16:30ean elkartu beharko dute–. Ezeren okerrik ezean, ohiko ibilbidea egingo du haurren danborradak, eta Umore Ona elkartearen aurrean etena egingo dute, han elkarteak merienda eskainiko baitiete haur guztiei. Karroza ere "martxan" da, eta aurtengo gaia baserria izango dela aurreratu zuten.

Bi urteko etenak "atzerakada" ekarri duela uste dute sortu berri den Tata elkarteko kideek. "Azken urteetan poliki-poliki gora egiten ari zen haurren danborrada; 200 parte hartzaileko langa gaindituta genuen", adierazi zuen Lia Ariñok. 150 danbor-jotzailek eman dute izena aurtengorako, eta hori horrela, konpainia bat gutxiago ateratzea aurreikusten dute; izan ere, 2019ko danborradan sei taldek parte hartu zuten eta aurten bost osatu dira oraingoz. Halere, datozen egunetan izen-emateak gora egiten badu, ez dute oztoporik jarriko seigarren konpainia osatzeko.

Izen-ematea, zabalik

Haurren danborradan parte hartzeko izen-ematea irekita dago, eta Tata elkarteko kideek adierazi dute danborradan parte hartu nahi dutenek entsegu egunetan eman ahalko dutela izena; astelehenetan, asteazkenetan eta ostegunetan entseatuko dituzte danborradako abestiak Gurea pilotalekuan, 19:00etatik aurrera.

Hain zuzen ere, aste honetan bertan ekin diete entseguei. "Gurasoak zein haurrak animatu eta gonbidatu nahi ditugu danborradan parte hartzera". Danborra jotzen LH2 mailatik DBH2 mailara arteko ikasleek parte hartu dezakete. LH1 mailakoek, aldiz, karrozan edota gastadore moduan irteteko aukera izango dute, eta HH5 mailako ikasleek sukaldari txiki bezala. "Parte hartu nahi dutenei entseguetara lasai etortzeko esan nahi diegu, ezezkorik ez baitiogu inori emango".

Azkoitiko haurren danborrada eta Azpeitia Cup elkarteak antolatzen duen Azpeitiko 3x3 Futbol Festa egun berean egokitu dira. Hala eta guztiz ere, danborrada elkarteko kideek nabarmendu dute apirilaren 23ko arratsaldean Azkoitiko neska-mutilek ez dutela futbol partidarik jokatu beharko Azpeitian, Azpeitia Cup-eko kideek hala helarazi baitiete. "Futbol Festa ez dadila izan aitzakia danborradan parte ez hartzeko, bietan aritzeko aukera izango baitute haurrek".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide