60. urteurrena eguraldiak baldintzatuta eta euritik ihesi ospatu du haurren danborradak. Eguraldi iragarpen eskasena bete da azkenean danborradaren egunerako, eta aterrune gutxi izan da egunean zehar. Hori ikusita. Azkoitiko Udalak 15:48an zabaldu du antolatzaileen abisua: euritarako aurreikusitako festa egitea erabaki dute.
Hala ere, eta kaleko festa baldintzatu duen arren, eguraldia danborradarekin nolabait ondo portatu dela ere esan daiteke. Izan ere, 17:00ak baino lehenxeago euria mardul ari zuen arren, 260 parte hartzaileak plastikoak soinean Azoka Plazatik irten direnean eguzki izpi eta guzti agurtu ditu zeruak. Ez du asko iraun argialdiak, baina ia busti gabe egin ahal izan dute geldialdirik gabeko ibilbidea: plazatik behera Plazaberrira, handik Ibaiondora, Baldan gelditu gabe, eta parrokia ataritik gora, plaza zapaldu gabe, Gurearaino.
Han egin dute, geldialdirik gabeko kale bueltaren ondoren, arratsaldeko agerraldi bateratu bakarra, 18:00etan. Musika Banda eta pilotarien erraldoiak zituzten zain frontoian danborradako kideek, eta harmailak bete dituzten herritarren aurrean eskaini dituzte danborradako pieza guztiak.