Musika eta dantza emanaldiek girotu zuten atzo gauean San Joan bezpera Azkoitian. Ordea, danbor hotsak ere majo nabarmendu ziren atzo; izan ere, Umore Ona eta Tata elkarteek antolatuta, haurrek danborrada egin zuten, Balda plazako sua pizteko aukera eman izana eskertzeko. Aurten bete ditu 60 urte Azkoitiko umeen danborradak, eta hori aitzakia hartuta, udalak danborradaren antolatzaile izan direnei egin nahi izan zieten keinua.
22:00etan piztu zuten sua, baina, aurrez, plaza nagusitik Balda plazarako bidea danborradako piezak joaz egin zuten haurrek, atzetik Umore Onako eta Tata elkarteko kideak segika zituztela. Miguel Mari Azpiazuren eta Anastasio Albisuren Azkoitia martxaren doinuak entzuten zirela, Umore Onako eta Tatako Enrique Malagak, Anjel Andreuk, Iñaki Huertak eta Marta Arregik piztu zuten San Joan bezperako sua, Ana Azkoitia alkatearekin eta Igor Isuskiza Festa zinegotziarekin batera.
Musika Bandak nahiz Bizkargi eskolako banda gazteak, Parrokiko Abesbatzak zein Iraurgi abesbatzak eta Sahatsa dantza taldeak parte hartu zuten hitzorduan, eta ohiko abestiez gain, danborradako haurrek beste pare bat abesti ere eskaini zituzten Balda plazako oholtza gainetik. VI. Zatoz dantzara Balda plazara izeneko dantza saioarekin ospatu zuten urteko gaurik motzena, Aitor Sorazu irakasleak zuzenduta. Plazara hurbildutako herritarrek dantza herrikoiak dantzatzeko aukera izan zuten, trikiti eta txistu doinuek lagunduta.