Suaren garrak eta danbor doinuak, San Joan bezperan osagarri

Andoni Elduaien 2025ko eka. 24a, 05:00

Musika eta dantza emanaldiek girotu zuten atzo gauean San Joan bezpera Azkoitian. Danbor hotsak nagusitu ziren ezeren gainetik, Umore Ona eta Tata elkarteek antolatuta, zenbait haurrek danborrada eskaini baitzuten, Balda plazako sua pizteko aukera eman izana eskertzeko.

Danbor hotsen artean ospatu zuten atzo, astelehena, San Joan bezpera Azkoitian. 2025. urte honetan haurren danborradaren 60. urteurrena bete dela eta, Azkoitiko Udalak Umore Ona eta Tata elkarteak omendu nahi izan ditu, eta hala, herrigunean egin ohi den surik handiena pizteko aukera eman zien atzo bi elkarte horietako ordezkariei. Eskertzeko keinu moduan, bi elkarteek danborra joz erantzun zioten sua pizteko aukera eman izanari. Beste urte batez, jendetza bildu zen Balda plazan.

21:45eko kanpaiak entzun orduko abiatu ziren herriko plazatik aurtengo umeen danborradan parte hartu duten zenbait haur, atzean bi elkarteetako ordezkariak hartuta. Danborradako abestiak jo zituzten kalejiran plazatik Balda plazaraino, Azkoitiko Musika Bandak eta Bizkargi eskolako banda gazteak lagunduta, eta hala sartu ziren Balda plazara ere. 

22:00etan puntuan hasi zen suaren bueltako festa, eta une hori desio txarrak uxatzeko eta berriak erakartzeko baliatu zuten herritarrek. Ohi bezala, Miguel Mari Azpiazuren eta Anastasio Albisuren Azkoitia martxaren doinuek girotuta piztu zuten Umore Onako eta Tatako Enrique Malagak, Anjel Andreuk, Iñaki Huertak eta Marta Arregik San Joan bezperako sua, Ana Azkoitia alkateak eta Igor Isuskiza Festa zinegotziak lagunduta. Musika Bandak nahiz Bizkargi eskolako banda gazteak, Parrokiko Abesbatzak zein Iraurgi abesbatzak eta Sahatsa dantza taldeak parte hartu zuten hitzorduan. Danborradako haurrek beste pare bat abesti ere eskaini zituzten gero, Balda plazako oholtza gainetik. 

Sua piztu eta apaltzera egin zuenean, atera ziren plazara Sahatsako dantzariak, eta urtero bezala, askotariko piezak eskaini zituzten: San Joan zortzikoa, agurra, makil dantza eta uztai txiki dantza, hain zuzen. Amaieran, berriz, VI. Zatoz dantzara Balda plazara izeneko dantza saioa egin zuten Aitor Sorazu irakasleak zuzenduta. Trikiti eta txistu doinuek lagunduta, askotariko dantza herrikoiak dantzatzeko aukera izan zuten plazara hurbildu ziren dantza zaleek. Urteko egunik luzeena majo ospatuta utzi zuten azkoitiarrek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide