Urte eta erdiren ondoren, ohiko lan jardunera itzuli dira Sidenorreko Azkoitiko lantegiko beharginak, ostiralean indargabetu baitzen iazko apiriletik luzatu den aldi baterako lan erregulazio espedientea. Ekoizpen arazoak argudiatuta, hemezortzi hilabetez izan da indarrean neurria, hasiera batean urtebetekoa izango zen espedientea beste sei hilabetez luzatzeko akordioa sinatu baitzuen enpresak apirilean CCOO, USO eta UGT sindikatuekin.
Jakinekoa zen gehiago ezin zitekeela luzatu indarrean zen aldi baterako espedientea, baina jakiteko zegoen enpresak beste espedienteren bat abiatuko al zuen edo ez. LAB sindikatuak hedabide honi jakinarazi dionez, langile batzordeak ez du enpresaren aldetik "inongo albisterik" jaso, eta Azkoitiko lantegian ordezkaritza duten sindikatuek saiakerak eginagatik, alde biek ez dute bilerarik egin azken hilabetetan. Ildo horretan, aldi baterako lan espedientea indargabetzeko epemugaren atariko egunak "ziurgabetasunez" bizi izan dituzte beharginek, sindikatuaren arabera.
Bestalde, lan hitzarmena berritzeko negoziaketak berriz abiatzea galdegin diote gehiengo sindikala osatzen duten ELAk eta LABek zuzendaritzari, horretarako langileen "babesa" jaso ondoren. Izan ere, LABek jakinarazi du joan zen urriaren 20an asanblada egin zutela CCOO, USO eta UGT sindikatuekin zein langileekin, eta han bozketa egin zutela, zuzendaritzak negoziazio mahaia "berehala" ireki dezan eskaera egiteko. Sindikatuak emandako datuen arabera, lantalde osoaren %60k parte hartu zuten bozketan, eta %95k negoziaketak berriz martxan jartzearen alde egin zuten. Emaitza horiek esku artean, sindikatuek eskaera hori helarazi zioten zuzendaritzari duela bi aste, baina jakinarazi dute oraindik ez dutela haren erantzunik jaso.